Khumbuko izotz-jausian lanean dabiz Alex Txikon eta kideak
2018-01-08 09:00 Euskaldunak munduanAzken barrien arabera, 5.650 metroko garaieraraino ekipau dabe bidea.
Everest neguan eta oxigeno barik igoteko erronkearen barruan, Khumbuko izotz-jausia da Alex Txikonen eta bere lantaldearen kezka handienetako bat. Berez leku arriskutsua da baina, ganera, eguraldiaren erruz sarri aldatzen dira pasabideak eta baldintzak han barruan. Pazientzia lagun hartuta, beraz, Khumbuko eremua ekipetan hasi dira, Behe Kanpalekutik abiatuta.
Himalaiatik Alex Txikonek berak zabaldu dituan barrien arabera, badirudi bide onetik doala Khumbuko izotz-jausia ekipetako lana. Urtarrilaren 6an ekin eutsien zeregin horri eta pixkanaka aurrera doaz. Everesteko Behe Kanpalekutik bialdutako azken datuaren arabera, 5.650 metroko garaieraraino ekipauta dago bidea.
Khumbuko zatia, orain arte behinik behin, aurreikusitako moduan doa. Halandabe, Alex Txikonen espedizinoak izan ditu arazo batzuk Behe Kanpalekuan. Bertako koordinatzaileak istripua izan dau eta ospitalera eroan behar izan dabe helikopteroan, buruan zauria dauela. Txikonek dino puya izeneko ospakizun budistea atzeratu egin behar izan dabela ezbeharragaitik.
Bestetik, eguraldiak be burukomin bat baino gehiago emon deutsie Txikoni eta kideei. Neguko espedizinoa izanik, baldintza metereologikoak gogorrak eta aldakorrak izango dirala badakie, eta Behe Kanpalekuan pasautako lehenengo egunetan ikusi dabenez, haizea nahi baino indartsuago dabil. Igazkoaren aldean, aurten haize gogorragoa izango dabela uste dau mendizale bizkaitarrak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!