Nerea Arrien: ‘Liburu bietan errealidadera bueltetako ahalegina egin dot’

Ainhoa Lores 2018-01-08 10:03   Barriketan

Idazlea eta irakaslea.

Hiruki formea hartu dau Nerea Arrienen Hirutter liburuak, hiruki formea hiru diralako, hain zuzen be, nobela honetako protagonistak eta 3.0 diralako euren arteko hartu-emonak, Whatsapp, Twitter eta sakelakoek marketan dabe narrazinoaren tempusa. Euren harteko hartu-emon gorabeheratsuek eta intimidade mueta desbardinek osotuten dabe lan honen gai nagusia.

Lekeitioko idazlearentzat urte oparoa izan da honakoa eta Hirutter liburuagaz batera, Atrapa Eguna be kaleratu dau gaztetxuei zuzenduta. Honetan, Manex izeneko gaztetxu batek eroaten dau protagonismo osoa. Begiak tabletari itsatsita ditu momentu oro, tramankulu digital hau apurtzen dan arte. Aititek eguna atrapatzea lortzen dauenean, tablet barria erosiko deutsola agintzen deutso, baina Manexek ez daki zer egin behar dauen helburua lortzeko eta hasieran, itsu-itsuan ibiliko da.

Urte eta erdian liburu bi honeek ondu ditu Lekeitiokoak, idazketa lanak iraskuntzeagaz buztartuz.


1.- Orain dala urte eta erdi besterik ez da zure lehenengo liburua, Pentsatzeko txokoa, argitaratu zenduala eta jada, beste liburu bi dakarzuz eskuartean: Atrapa Eguna eta Hirutter. Urte oparoa, ezta?

Pentsatzeko txokoa-k  konfidantzea emon eustan eta lan bi honeei bidea emoten ausartu naz. Holan emon dira gauzak eta biak batera argitaratu dira.


2.- Zelan moldatu zara irakaskuntzea lanagaz buztartzeko?

Eszedentzia sasoian idatzi nituan liburu biak. Ama naz eta tartea da nire denpora unidadea. Tarteka-tarteka idatzitako lanak dira.


3.- Hirutter helduentzako nobelea da, Atrapa Eguna, barriz, gaztetxuei zuzendutako ipuina. Teknologia barriek aparteko garrantzia dabe bietan...

Orain dala gitxi, artikulu bat irakurri neban eta bertan, errealidadetik aldentzen gaituen interfaze baten bizi garela azaltzen zan. Informatikariek interfazea ordenagailuaren hizkuntzearen (binarioa) eta gure artean dagoan zubiari (itzulpenari) deitzen deutsie, Windows-a, adibidez. Bada, gure egun honeetako interfazea sare sozialek, interneteko hodeiak eta selfie-ek osotuten dabe. Errealidadearen hizkuntzea ulertzeko erabili geinke, baina baditu bere arriskuak be; interfazearen barruan galtzea, esate baterako. Interfazea Edurnezuriren ispiluaren modukoa dalako; harentzat beti zara guapoena (Instagram), azkarrena (Twitter), bikotekide onena (Tinder)... Liburu bi honeetan errealidadera bueltetako edo ulertzeko ahalegina egin dot. Hirutter intimidadearen ganeko nobela bat da, urrezko bihurtzen dabil espazioa. Atrapa eguna, barriz, kontaktu fisikoaren aldarri bat: natureagaz, lagunakaz, gurasoakaz, momentuagaz eta bizitzeagaz.


4.-
Eta modu berean, Atrapa Eguna-n umeek teknologia barriak erabiltearen kontrako aldarria egiten dozula esan leiteke?

Ez nago honeen erabilerearen kontra, alde baino. Gaur egungo gaztetxuak natibo digitalak dira. Honeetako askok ama, aita edo medikuaren arpegia baino lehen, sakelakoa ikusi dabe erditzerako unean, grabetan. Momentua telefonoak harrapatu dau, ez ostera, grabetan dabilenak, beharbada, zentzumenak kamerea, botoia eta abar horretan kontzentrau ditualako. Hor badago irabazi eta galdu dogunaren balantze bat eta horren kontzientzia izan behar dogu. Selfie-aren sasoi honek, adibidez, errealidade perfektuak eregiten lanpetuta daukaz gaztetxuak; postureoa, enkuadrea… eta gitxi ardura jake jazoten dabilena, instagramen jasoko dituen bihotzak diralako garrantzitsuena. Teknologiak eta horren onurak erabili deiezala, baina jaubetuta gertatzen dabilen hori bizitzea dala eta bizitzak ez dirala dozenaka irabazten bideo-jokoetan gertatzen dan moduan. Bizitzea bakarra da eta atrapa egin behar da.


5.-
Halandabe, liburu bietan helduoi tresna elektronikoen sare horretatik askatzea gehiago kostetan jakula emoten dau, liburuko pasarte baten umezurtz digitala aitatzen dozu, mugikorraren atzean gurasoak galdu dituena. Bide horretatik goaz?

Kapitalismoak produziduten ez dauenari bizkarra emoten deutso. Umeak  eta nagusiak dira honeetako batzuk, besteak beste. Honeek jagon behar dira, gurasoak behar ditue eta badirudi magia eginez lortzen dan kontu bat dala. Atrapa eguna liburuan aititek eta bilobeak bata bestea jagoten dabe, jagotearen elementua falta dalako. Honen ordez, umeak jagoteko era bitxiak asmau dira: tablet-a, adibidez, jagole bikaina bihurtu da, eskola bera be, izan be, umeak urte bigaz, edo lehenago hantxe itxi behar dituelako guraso askok. Kontaktu fisikoa hain beharrezkoa dan etapetan, gurasoak ez dagoz.

Sare sozialena metafora bikaina da hau azaltzeko. Gaur egun, ez dozu inor besarkatu, musukatu edo ukitu behar maite dozula esateko. Emotikono baten bidez ordezkatu dalako maitasuna. Kontaktua galdu da, umezurtz digitalak irabazi dira.


6.- Orduan, umeek errazago dabe eguna atrapatzea helduen aldean?

Galdera honek Pipi kaltzaluze eta Tom Sawyer-en marrazkiak ekarten deustaz gogora. Honeek biak egun atrapatzaile bikainak ziran. Pipik diruagaz eperdia garbitzen eban, nahi beste pastel jaten zituan, bakarrik bizi zan. Tom eta Huckleberry-k zigarroak erreten zituen, Mississippi uger eginez zeharkatzen eben… Gaur egun, delituzko hainbeste elementu dituen marrazkiak ikusita, eskuak burura eroango geunkez, helduok ez dakigulako fikzinoari neurria hartzen. Gure egunetako Pipi eta Tomek, duda barik, sakelakoa erabiliz peripeziak egingo leukiez; esan nahi dot, gure umeen testuingurua zuritzen saiatzen bagara be, honeek ez dirala hareetatik hainbeste bereizten. Umeek badabelako ahalmen berezi bat: fikzinoa berea egiten dabe eta paradoxa badirudi be, fikzinoa errealidadera hurreratzeko interfaze bikaina da eta errealidadera hurreratuz, hain zuzen atrapatzen da eguna.


7.- Atrapa eguna liburuak Manex dau protagonistea eta irakurleari zuzentzen jako behin baino gehiagotan. Ez da ohiko estilo bat, zelan bururatu jatzun?

Irakurketa interaktibo eta norantza bikoa izateak baditu abantailak. Alde batetik, irakurleak badu aukerea istorioagaz distantzia bat finkatzeko eta bestalde, eregiten dabilen fikzinoaren erantzule da. Botoiak hainbeste sakatzea gustetan jaken gaztetxuei, interakzinoa eskaini nahi izan deutset.


8.- Hirutter liburuan, barriz, hiru dira protagonistak: Ines, Gari eta Martin, 40 urte inguru ditue hirurek, hareek be, sare sozialetara joten dabe eten barik. Zergaitik?

Hirutter liburuaren ardatza sarean partekatzen dan bideo bat da. Sareak zentzu bikotxa izango dau, aramu birtualaren zain, bertan jausiko diralako. Sareak hiruki formea izango dau, baina partekatzeen poderioz,  hirukia laster bilakatuko da laukia, laukia pentagonoa bihurtuko da eta holan, kontatu ezin diran erpinez betetako poligono bat izan arte. Hainbeste erpinegaz, jakina, ziztadea nahitaezkoa izango da.

Off line eta on line bizitzea dabenen nobela bat da hau, interfazean galdu diran batzuena, komunikazinoa bilatu eta inkomunikazinoa lortzen dabenena, Bauman-ek azaltzen zituan eten barik kontaktuan dagozan bakarlari hareena.


9.- Hiru protagonisten intimidade muetek osotuten dabe liburuaren gaia. Euren barruko mundu hori estaltzeko erabilten ditue sare sozialak?

Bai, intimidadea da nobelearen muina, espazio abstraktu hori. Hortaz, abstraktuak diran gauza guztien moduan, mugea non dagoan jakitea gatxa egiten jaku. Sexua, adibidez, gure alderdi intimoenetakoa dala barruratuta dogu, nobelearen traman azaleratu dan moduan. Gauzea da, badagozala bestelako intimidadeak, mingarriak, sotilak… ñabardurak haina. Protagonisten kasuan, adibidez, umezaro gatxek lagatako arrastoak, desafekzino konplexuak edo egongela eta sukalde arteko pasabide hutsak. Horreek ezkutatzen saiatzen dira nobela osoan zehar, sexuak baino lotsa gehiago sortzen deutsen hori, eremu pribaduan gorde ezinik.

Intimidadea ezkutatzeko ahaleginetan, protagonistek oskol bat eregi dabe, rol bat hartu edo estereotipo bategaz identifikau eta horren atzean ezkutau dabe euren intimidadea. Azkenean, ezkutaleku barruan galdu egin dira. Ez dira euren benetako izakerea topetako kapaz izan.

Estereotipo horreek dira sare sozialen totemak; han danok garelako ausartenak, guapoenak eta politikeari jagokonez, zuzenenak.


10.- Atal laburrez osotu dozu liburua, dinamikotasuna eta bizkortasuna emoteko, dinozu. Liburuaren formatua oso barritzailea da. Zelan otu jatzun liburua holan hazurtzea?

Liburuaren izakera bikotxari koherentzia emon nahi neutson. Estereotipoz eregitako liburu intimo bat da. Hortaz, egitureari estereotipo horren itxurea emon nahi neutson, hau da, sare sozialena. Kapitulu laburrak, aforismoak, emotikonoak, profilak… nobelan ikusi ahal izango doguzan elementuak dira: txio laburrak dira kapituluak, nobelea Twitterreko hari bat da. Atal bakotxa personaiaren izenagaz, txio igorlea balitz moduan. Ez dodaz modu zorrotzean Twitter formatuagaz paralelotasunak egin, kapitulu laburdun nobela bat dalako baina egiturea eregiteko prozesuan eredu moduan izan dot.

Bestalde, barrukoa ondo sartzen da egituran, intimidadeari buruz idazteko espazioa behar neban eta isila eta ausentea da azken hau. Intimidadea elipsi bat dalako. Hortaz, laburra izan behar dan zeozer kabidu leiteke elipsi luze, ertain edo txiki bat.

Efektu duala gauzatu dala uste dot, sarearen erritmo frenetikoa intimidadearen berunak geldotu dauelako, zelanbait.


11.- Hiru liburu argitaratu dozuz jada, ibilbide luze baten hasierea dala esan daiteke? Ze asmo dozu hemendik aurrera?

Eguneroko mila karaktereko homeopatia tantatxuagaz segidutea. Ez da gitxi!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu