2017. urtean, beste 24.000 artikulu sartu ditue euskerazko Wikipedian
2018-01-03 09:40 Euskerea berbagaiEmakumeen biografiak argitaratzen egin dabe ahalegina.
Pixkanaka, hazten doa euskerazko Wikipedia, jakintza librea konpartiduteko gogoz dagozan laguntzaileei esker. Hizkuntza gitxituetako Wikipedien artean, indartsuenetako bat da euskerazkoa eta, beraz, gai ugariren inguruko informazinoa sarean topau leikie euskaldunek.
Hazkunde horretan, 2017. urtea ez da salbuespena izan, euskal Wikipediak berak emondako datuaren arabera: 24.035 artikulu barri sartu ditue. Danetara, 287.000 sarrera baino gehiago daukaz euskerazko bersinoak (gehien ingelesezkoak daukaz, 5,5 miloe).
2017an sareratutako artikuluen artean, emakume nabarmenen biografien atalean egindako ekarpena da aitagarriena. Emakumeek historian egindako lanari eta gizarteari egindako ekarpenari ikusgaitasuna emoteko asmoz, andrazkoen biografiak sartzearen aldeko deia egin dau azkenaldion euskerazko Wikipediak. Kanpaineak arrakastea izan dau, 2017an emakumeei eskainitako 1.292 sarrera barri argitaratu ditue eta. Hartara, era horretako 4.718 artikulu dagoz, orain dala urtebete baino % 37 gehiago.
Wikipedia elikatzen daben boluntarioek ez eze, euren lanean, ikasketetan edo astialdian sareko entziklopedia erabilten daben norbanakoek be euskerazko edukien alde egin dabe 2017an. Euskerazko Wikipediako artikuluek 25 miloe bisita baino gehiago izan ditue, hau da, 68.000 bisita egunero, bataz beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!