Iñaki Mendizabal: 'Bizi-bizi egoteko tresna on bi dira boxeoa eta argazkilaritzea'

Dabi Piedra 2018-01-02 08:00   Barriketan

Box argazki-liburuaren egilea.

Azkenaldion komunikazinoaren munduan badabil be, era guztietako proiektuetan ibilitakoa da Iñaki Mendizabal. Argazkilaritzea dau pasino handienetako bat, boxeoan ibilten da eta, autortu dauenez, liburuzalea be bada. Horreek hiru elementuak batzen ditu Box lanak, boxeoa ardatz dauen argazki-liburua da eta. Zuri-baltzezko 81 argazkitan, boxeoan dabizanen eguneroko gorabeherak, burrukaldietako une ikusgarriak eta abar harrapau ditu. Baina oharra be egin dau Mendizabalek: Box ez da boxeoaren inguruko liburua, boxeoaren testuinguruan ateratako argazkiak beste esangura batzuk transmitiduteko bidea baino ez dira. Noctis argitaletxearen eskutik plazaratu dau Box.


1.- Boxeoa kirol aproposa da argazki-liburu baten oinarri izateko?


Duda barik, eta ez argazkien kasuan bakarrik: Boxeoari buruz idatzi ez daben idazle handi gitxi egongo dira, pintore eta marrazkilarien kasuan gauza bera. Boxeoak badauka berezko erakargarritasun bat, beste kirol gehienek ez daukiena, hau da, gure subkontzientera sartzen dala berehala. Azken baten, mutil bi edo neska bi alkar jotearen kontu hori bada berezko tragedia, berezko drama bat. Subkontzientean geratzen dan hori abantaila moduan erabili dot nik, boxeoa agertoki bat da beste gauza batzuk transmitiduten ahalegintzeko. Sorkuntza lana egin dot nik, ez boxeoaren apologia. Ni boxeozalea naz, baina ez boxeoaren frikia, eta argazkilaritzea oso gustoko dot.


2.- Boxeoaren bidez agertu nahi izan dozuzan ideak zeintzuk dira?

Nik esan nahi izan dodana baino, bakotxak argazkietan ikusten dauena da inportantea. Sortzaile gehienok ez gara errealidadeagaz fidatzen, ez gaitu asetzen, horregaitik beste errealidade batzuk eregiten doguz. Errealidadea izan leiteke zeuk sentiduten dozuna, ikusten dozuna, eta beharbada beste batek, leku berean, beste zeozer sentiduten dau. Errealidadea eraikuntza sozial bat da. Boxeoa bitarteko bat izan da. Esan behar dot hau ez dala boxeoari buruzko liburu bat, hau da, boxeoa dokumentetako lana egitea ez da izan nire asmoa.


3.- Boxeoak badauka balio estetiko bat, sortzaileak erakarten dituan edertasun bat...

Egia esan, nik balio estetikoak leku guztietan ikusten dodaz. Argazkigintzan gabizan guztiok ondo landutako sinestesia moduko bat daukagu, gauzak beste modu baten ikusten doguz. Nik boxeoan gauza asko ikusten dodaz: Bakardade itzela, dramak... batez be mundu zoro bat ikusten dot, errealidadeagaz zerikusi handia daukana.


4.- Liburu honetan, zure zaletasun bi, argazkigintzea eta boxeoa, buztartu ahal izan dozuz...

Zeure burua eta zeure ingurua ezagutzeko oso onak dira disziplina biak. Guztiz kontziente egiten zaituen tresna bi dira. Boxeoa oso kirol bizia da, batez be ring-ean zagozanean, ia-ia meditazinoa da, gauza bakarrean pentsetan dozulako. Argazkilaritzea zeure ingurua ikustea eta aztertzea da, galderak egitea. Kontziente eta bizi-bizi egoteko tresna on bi dira boxeoa eta argazkilaritzea.


5.- Zelan sortu da liburu hau egiteko aukerea?

Kasualidadez. Nik baneukan hau ateratzeko asmoa, baina lagunen artean banatzeko, 100 edo 150 ale argitaratuta. Kapitulu bat zarratzeko modua da liburu bat egitea, bestela argazkiak egin eta ordenagailuko karpeta baten gordeta geratzen dira. Ni, ganera, liburu zalea naz, esku artean izateko objektuak eukitea gustetan jat. Kontua da argitaletxe bat sartu zala tartean eta hareen zain egon nintzan urtebetez. Azkenean atzera egin eban argitaletxe harek eta, orduan, Noctisekoak sartu ziran, eurek lagunduko eustiela esanaz. Kontua da ze 350 aleko tiradea egin genduala, hori asko da argazki-liburu baterako, baina harrituta nago, hile eta erdi pasau da eta jente askok erosi dauelako. Ezagutzen ez dodan jente askok deitu deust aurkezpenak egiteko. Jente asko ezagutzen nabil, beste argazkilari batzuen beharrak zelakoak diran ikusten, hori be inportantea da.


6.- Danetara, 81 argazki sartu dozuz liburuan. Non eta zelan atera dozuz?

Ni joaten nazen gimnasioan bertan. Neure mundutik kanpo dagoan gauzarik egitea ez dot planteau. Niretzat fortuna bat da erretratetan dozuna bizi izatea. Hori ona da, baina aurreretxi batzuk ganetik kendu behar dozuz. Azkenean, gure lana intuizinoa da, baina background bat dakarzu atzetik, lehenengo ikasi egin behar dozu, gero desikasteko. Intuizinoa berba polita da, latinez barrura begiratzea esan nahi dau: Barrura begiratu, galbahetik pasau eta geratzen dan zukua da hau, Box da ni zukututa.


7.- Zuri-baltzaren alde egin dozu...

Uste dot lanak indarra hartzen dauela. Normalean, zuri-baltzean funtzionetan dauen argazkiak koloretan be funtzionetan dau. Alderantziz, ez beti. Orduan, kolorea gustetan jat ez danean atrezzoa, argazkiaren parte danean. Engainatzen zaituenean, arretea desbideratu, ez dot nahi kolorerik. Kasu honetan, koloretan sartu dodan gauza bakarra guardak dira (azalaren barruko aldea). Hor boxeoko soken marrazkiak dagoz koloretan, boxeoa diralako gure amarauna, gure pentagrama, hor jazoten da boxeoaren musika guztia. Beste guztia zuri-baltzean da. Zuri-baltza magnetikoa da, hipnotikoa, lehenago eroaten zaitu argazkiaren funtsera.


8.- Box, ikusteko ez eze, irakurteko be badala dinozu. Testurik ez dagoala kontuan hartuta, zer esan nahi dozu?

Argazkiakaz blai eginda gagoz, jentea ez da geratzen argazki bati begira. Nik nahi neuke jentea argazki bakotxa begiratzen minutu bi egotea, eta hori ia ezinezkoa begitantzen jat. Gatxa da argazki baten sartzea, argazki bat irakurten ez deuskuelako erakutsi. Ikus-entzunezkoen aroan bizi gara, baina inork ez deusku irudi horreek guztiak aztertzen erakusten. Nik ezagutzen dodazan argazki liburu gehienak irakurtekoak dira, hau da, denpora bat egin behar dozu hor, liburuan sartu. Argazkiak di-da baten ikusteko badaukagu Facebook.


9.- Noctis etxeagaz argitaratu dozu Box. Zelako proiektua da hori?

Jesus Mari Arruabarrena eta Txelu Angoitia dira bultzatzaileak, tupustean ezagutu nituan. Nik beti esaten dot bizitzan inportanteena bidea dala, eta bidean topetan dozun jentea. Eta honeek tipo biak ezagutzea ederra izan da. Zelan hartu daben liburua, nik neuk baino pasino handiagoagaz. Orain arte eurek egindako argazkien liburuak baino ez ditue argitaratu, neu izan naz proiektutik kanpoko lehenengo egilea. Antzeko begiradea daukagu argazkilaritzeari jagokonez, asko lagundu deuste edizinoan.


10.- Azkenaldion Bizkaiko boxeoan susperraldia egon dala emoten dau, zuk zelan ikusi dozu hori barrutik?

Hemengo boxeoa segiduten dot, batez be boxeolari jakin batzuk, gure gimnasioan ibilten diranak, adibidez: Jonfer [Jon Fernandez], Kerman [Lejarraga], Larri [Ibon Larrinaga]... euren burrukaldietara joaten naz. Harrigarria da sei urtean zelako saltoa egin dauen boxeoak hemen, 200-300 lagun egotetik 3.000 personara, eta BECen 11.000 egon ginan ikusten. Pozgarria da, nik nahiko neukena da honeek gazte danak heldu daitezala punta-puntara, diru-poltsa on bat irabazi, eta erretirau daitezala. Boxeo profesionala ez da brometan ibiltekoa, beste gauza bat da amateurra. Profesionaletan, hartutako kolpe bakotxak euro asko balio ditu, eta edozein izan leiteke azkena, diru-poltsa on bat irabazi eta erretirau daitezala opa deutset, ondoren egin daiela nahi dabena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu