Aitor Mendiluzek irabazi dau Zarauzko Kopla Txapelketea

Bizkaie! 2017-12-27 10:51   Bertsolaritzea

Entzuleen botoei esker irabazi deutso buruz burukoan Julio Sotori.

Aitor Mendiluze Kopla Txapelketako finalean, German Urteagaren alboan (argazkia: Ana Galarraga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lagun arteko giroan eta txapelketa handien urduritasun barik jokatzen da Zarauzko Kopla Txapelketea, baina parte hartzen daben bertsolarien maileari esker, pixkanaka lekua egiten dabil bertsozaleen agendan. Koplek bertso luzeek baino kantaera biziagoa eta arinagoa eskatzen dabe, eta esan beharrekoa esaldi gitxitan ondo adierazotea ezinbestekoa da. Horretan maisua da Aitor Mendiluze.

Putzuzulo gaztetxean jokatu zan abenduaren 23an Kopla Txapelketearen 11. edizinoko finala. Oholtzan honeek egon ziran: Aitor Mendiluze, Julio Soto, Andoni Egaña, German Urteaga, Xabier Arriaga Txiplas, Oihane Perea, Danel Olano, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe eta Nerea Ibarzabal. Entzuleen botoak aintzat hartuta, sei pasau ziran hurrengo fasera eta, azkenean, bi baino ez ziran geratu. Egun batzuk lehenago Txapelketa Nagusiko buruz burukoa jokatuta egoan Mendiluze, eta barriro holako egoera baten ikusi eban bere burua.

BEC Erakuztazokan Maialen Lujanbiok Mendiluzek baino buruz buruko hobea egin eban, baina Zarautzen arantzatxua atera eban andoaindarrak. Julio Soto izan eban kantulagun azken fase horretan eta, entzuleen botoei esker, Mendiluzek irabazi eban. Txapela emon beharrean, zintzarria emoten deutsie Kopla Txapelketako irabazleari, eta Mendiluzek etxera eroan eban ondo merezidutako sari hori.

Saio guztian gogoan izan eben bertsolariek Txapelketa Nagusia, egun batzuk lehenago amaitu zan eta. BECeko final handian zeresana emon eban erkin berbea, esaterako, agertu zan koplaren baten.

Zarauzko XI. Kopla Txapelketako finala oso-osorik entzungai jarri dau Arraio Irratiak bere webgunean (hemen). Ganera, laster bideoa be ipiniko dabela agindu dabe. Zarauzko irrati librea da Arraio Irratia eta Kopla Txapelketearen jarraipen zehatza eskaini deutse entzuleei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu