Neguan eta oxigeno barik, munduan lehenengoa izango litzateke bizkaitarra tontorrera helduko balitz

Bizkaie! 2017-12-26 07:58   Euskaldunak munduan

Urtarrilaren 1a eta 3a bitartean helduko dira Behe Kanpalekura eta, hortik aurrera, hile bi inguru izango ditue negua amaitu baino lehen.

Daborduko ez badago, Alex Txikon (Lemoa, 1981) mendizaletasunaren historian sar daiteke 2018an. Erraza ez da izango. Izan be, -60º C graduko tenperaturak eta 150 km orduko haize boladak espero ditue munduko mendirik altuenean, Everesten (8.848 m). Orain 37 bat urteko neguan poloniar mendizale bi, Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy, heldu ziran tontorrera baina oxigenoa erabili eta espedizino handi baten laguntzinoa izan eben.

Alex Txikonek talde txikia eroan dau Himalaiara eta, jakina, lagun handi dauen Ali Sadparagaz (Sadpara, Pakistán, 1972) ahaleginduko da orain; lagun handiak dira eta 2016. urtean, Nanga Parbateko tontorrera heldu ziran, neguan eta oxigeno barik.

Abenduaren 24an urten eban Alex Txikonek etxetik, 25ean Katmandura heltzeko; hor Ali Sadpara pakistandarra batu jako, aurreko beste espedizino batzuetan alboan izan dauen sokakidea. Nepalgo mendizale batzuen laguntzinoagaz ahaleginduko dira Everestera heltzen. Plangintzearen arabera, urtarrilaren 1a eta 3a bitartean helduko dira Behe Kanpalekura eta, hortik aurrera, hile bi inguru izango ditue negua amaitu baino lehen.

Alex Txikonek film bat grabauko dau esperientziaren barri emoteko eta igaz huts egindako espedizinoa oinarri hartuta egindako Everest un reto sobrehumano filmaren erantzun onaren ostean etorriko da.


Alex Txikon

Hogeita hamasei urte egin barri ditu 1981.ean Lemoan (Bizkaia) jaiotako mendizaleak. Hamairu seme-alaben artean txikiena da baina abentura sena barru-barruan dauka eta dagoeneko munduan diran 14 zortzimilako mendietatik 10 tontor zapaldu ditu, lehenengoa 21 urte zituala, Pakistango Karakorum mendi katean dagoan Broad Peak (8.051 m), hain zuzen be, eta Antartidan, Pakistan, India zein beste herrialde batzuetan ibilitakoa da. Base saltoa egiten be trebea da.

Hiru urtetxugaz Gorbeiako tontorrean izan zan Javi anaieak gidari lana eginda. Ordutik 30 bat espedizinotan ibili da eta sekulako esperientziak bizi eta jente ona topau izan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu