Alex Txikonen hurrengo erronkea, Everestera neguan eta oxigeno barik
2017-12-22 13:23 Euskaldunak munduanIgazko arantzatxua atera guran doa arratiarra Himalaiara, Ali Sadpara lagun.
1980an Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy poloniarrak neguan Everesten egon ziranetik, beste inork ez dau munduko tontorrik altuena urtaro horretan zapaldu. Alex Txikon eta bere kideak igazko neguan ahalegindu ziran, baina eguraldi txarrak eraginda atzera egin behar izan eben. Hurrengo asteetan barriro ibiliko da Lemoako mendizalea Himalaia aldean, erronkea beteteko asmoz. Ganera, oxigeno artifizial barik igongo dau. Konbinazino hori (Everest neguan oxigeno barik) aurretik inork bete bako helburua da.
Abenduaren 24an urtengo dau Alex Txikonek etxetik, 25ean Katmandura heltzeko asmoz. Han Ali Sadpara pakistandarra batuko jako, aurreko beste espedizino batzuetan alboan izan dauen sokakidea. Nepalgo mendizale batzuen laguntzinoagaz ahaleginduko dira Everestera heltzen. Plangintzearen arabera, urtarrilaren 1a eta 3a bitartean helduko dira Behe Kanpalekura eta, hortik aurrera, hile bi inguru izango ditue negua amaitu baino lehen.
Igazko espedizinoan lan txukuna egin ebela uste dau Alex Txikonek. Ez eben Everesteko tontorra zapaldu, baina hiru aldiz ibili ziran 8.000 metrotik gora. Igazkoa hobetzea da gure asmoa, orduan ikasitakoagaz aurrerapausua egin nahi dogu, azaldu dau Lemoakoak. Estrategia eta ibilbide aldetik ez dabe aldaketa handirik aurreikusi, baina hobeto antolatu nahi ditue lan-kargea eta deskantsuak, igazko nekerik ez izateko. Batez be, Khumbuko izotz-jausi gaiztoari aurre egiteko orduan aprobetxauko dabe aurreko espedizinoan ikasitakoa.
Izan be, Txikonen esanetan, labirinto baten modukoa da Khumbuko pasabide hori. Eten barik formea aldatzen da han barruan, haizearen eta hotzaren eraginez, horregaitik nekeza da bideak topau eta ekipetea. Dana dala, Txikonen ustez haizea izango dabe areriorik gogorrena. Ohikoa da Everesten neguan orduko 150 kilometroko haizeteak egotea, baina tontorrera heltzeko orduko 40koak izan behar dira gehienez. Behin aklimatazinoa eta ekipazinoa amaituta, baldintza egokien zain egotea egokituko jake, seguruenez.
Haizearen eta hotzaren trabak gorabehera (-60º C-ko tenperaturak eukiko ditue), prest dagozala dino Alex Txikonek: Igazko espedizinoan ikusi zan hotzari aurre egiten onak garela, 17 laguneko lantaldean inork ez eban izozterik jasan. Hain zuzen be, halako giro hotzak dira bere konfort gunea, mendizaleak azpimarratu dauenez, esan leiteke Himalaian bizi nazela, eta etxean biziraun.
Erronka gogorra daukie Txikonek eta kideek hurrengo asteetan, baina arrisku kontrolatua baino ez dabela izango ziurtatu dau, gehiegi arriskatu barik eta zorokeriarik egin barik. Egoerea geure menpe eukiten ahaleginduko gara une guztietan, adierazo dau.
Ganera, Txikonek Ali Sadpara gogoan hartu dau espedizinoa aurkezteko Bilbon egindako agerraldian. Pakistandarra izanik, europarrek baino traba handiagoak daukaz Sadparak Everestera igoteko baimenak lortzeko orduan, eta hori salatu dau Lemoako mendizaleak. Pakistanen halako espedizino baterako dirua eta babesa lortzea be gatxa dala dino, han inork ez dau bere aldeko apustua egiten, baina guk alboan nahi dogu, konfiantzea dogu beragan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!