Maialen Lujanbio: 'Bertsogintzearen esentzia ofizioetako ariketetan dago'

Ainhoa Lores 2017-12-26 08:00   Barriketan

2017ko Euskal Herriko Bertso Txapelketako txapelduna.

Emozino nahasiak jantzan ditu Maialen Lujanbiok, hilebeteetako lan gogorrak eta txapela irabazteak sortzen dauen nekea poztasunagaz alkarkurutzatzen jakoz Hernaniko bertsolariari.

Txapela irabazi osteko egunak mobiduak izaten dabiz Lujanbiorentzat, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketako finalak eragindako tensino handia sumatzen dau oraindik. Halandabe, tarte bat eskaini deusku abenduaren 17an bizi izan ebana kontetako.

 

1.- 2009an irabazi zenduan lehenengo txapela, orain barriz bigarrena. Denpora honetan zelako garapena izan dau Maialenek persona eta bersolari moduan?

Zelan izan dan zehatz-mehatz, azaltzea gatxa jat, zortzi urte pasau dira txapela irabazi nebanetik eta normala dan moduan, alor artistikoan eta bitalean be neure burua beste modu baten dagoala sentiduten dot, azkenean edadeak, esperientziak, eskarmentuak… danak eragiten dau.

Bestalde, nire ustez, bertsolariaren eta edozein egileren jarrerea, egiten zagozanagaz erabat gustura ez egotea izaten da beti. Esangura horretan, begitantzen jat neure buruagaz burrukan ibili nazela azken zortzi urte honeetan, neure bertsokerea irauli eta lixatu nahian. Emoitzea, barriz, oso labaina da, ez da sekulako iraultzea ikusten, baina diferentzia egon badago.

 

2.- Finala jentearentzat gozamena, jaia dala dinozu, baina zure kasuan lanean sentiduten dozu zeure burua, lan eder bat egiten saiatzen eten barik. Modu psikologikoan zelan biziten dozu finala?

Modu psikologiko eta emozino aldetik oso gogorra izaten da. Buruak lan handia egiten dau aurretik eta beti ez dago zeure alde, batzuetan zure kontra be egiten dau eta gatxa izaten da tensinoari, kontzentrazinoari eta animoari eustea. Halandabe, esango neuke segurutik ondoen egon nazen urtea izan dala, tensinoz, baina kontzentrazino handiz eta nahiko aldarte baikorrean egon nintzan finalean eta hori be garrantzitsua da saioei be indartsu eta biztuta heltzeko.

Jentearentzat finala jai handi bat da eta guretzako be bada, baina ezin deutsazu gozamen horri erabat sartzen itxi, deszentratzeko arriskua dozulako eta gure jarduna ikuskizun edo entzukizun hori ahalik eta onena izatea izan behar da. Edozelan be, plazer handiz lanera joaten gara.

 

3.- Andoni Egañak komentau eban inoz ikusi dauen finalik onena izan dala.

Onena izan dan edo ez norberak neurtzea gatxa da, baina nire ustez ondo ibili ginan danok, baina batzuk bere mailearen azpitik. Amets Arzallus bere bete-betean ez entzutea adibidez, pena bat izan zan, baina oro har saio ona izan zan eta denpora guztian plazea lehertzen eta biztuten sumatu neban, hori beti izaten da seinale ona. Saio gozagarria izan zala uste dot.

 

4.- Indartsu ibili zinan hasieratik. Zein momentutan ikusi zenduan zeure burua txapeldun izan eitekeala?

Eguna oso luzea da eta ariketa asko dagoz, edozein momentutan estropezu egiteko aukerea dozu eta egia esan, nik ia amaierara arte ez neban argi ikusi. Zeure burua ondo ikusi arren, oso hauskorra da dana. Beraz, azken momentura arte ezin zara lasai eta segurtasun osoz ibili.

 

5.- Saio biribila ondu zenduala dinozu. Zer behar da horretarako?

Alde batetik, subertea, eta egun horretan, momentu horretan justu gauzak ondo urtetea. Horrezaz gan, erregistro eta ariketa desbardinakaz asmeteak gusturago sentiarazoten zaitu. Hau da, zortziko txikia eta bakarkakoa muturrekoenak, antagonistenak… diran gaiak izanda, bietan asmetan jakitea bertsolariaren dohaina da, baita plazaz plaza be. Bai umorean, bai serioan, bai gogoetan, bai zirikan…erregistro desbardinetan asmetea da gakoa nire ustez, beti ez da holan gertatzen eta zorionez, esangura horretan ondo ibili nintzan, nahikotxu asmau neban eta hori niretzako poztasunik handiena da.

 

6.- Jenteak batez be egin zenduzan bakarkakoak nabarmentzen ditu, baina ofizioetan be ondo ibili zinan.

Ulertzen dot egia esan, bakarkakoa ikusgarriena da agian, bertsorik mamintsuenak edo sakonenak botaten dozuzan momentua da hori, baina nire ustez, bertsogintzearen esentzia ofizioetako ariketetan dago, alkarrizketan, dialektikan, arrazoien konbinazino horretan eta hori behar bada, ez da beti hain ikusgarria, badirudi bertsoak ez dirala hain landuak, laburragoak dirala eta nire ustez behintzat, maila bereko zailtasuna dabe eta benetako jardunaren funtzinoa hori da.

 

7.- Finala Unai Agirregaz hasi zenduan, Aitor Mendiluzegaz amaitu, biak ala biak Hernaniko Bertso Eskolakoak. Etxean modura…

Bai. Unaigaz hastea egia esan, polita izan zan. Finalean bere lehen saioa zan eta beragaz kantetea ederra izan zan, lagun handiak gara. Amaieran be, Aitor eta biok buruz burukora pasau ginanean, etxean modura sentidu nintzan, alkarregaz entrenetan gara eta urte mordoa daroaguz alkarregaz kantetan, oso ondo ezagutzen dogu alkar eta alde horretatik be ederra izan zan.

 

8.- Orain arteko finalik onena egin dau Mendiluzek.

Orain dala lau urte be sekulako finala egin eban eta aurten be nik uste oso maila ona erakutsi dauela, bai. Egia esan, ez ninduan batere harritu, espero neban. Mendiluzek sekulako mailea dauka eta asmetan dauenean ikaragarrizko bertsolaria da. Teknikeari jagokonez, sekulakoa da eta finalean seguru, asmetan eta konfidantzeagaz egoala ikusi neban.

Bertsozale batzuentzat behar bada ez da hain ezaguna eta hain kandidatoa, baina nire ustez, bertsoaren munduan gabizenok ondo jakina da zelan egiten dauen Mendiluzek bertsotan eta buruz burukora pasetea bere lanari merezidutako sari bat izan zan.

 

9.- Txapelduna izatetik txapeldunorde izatera pasau zinan 2013an, Amets be orain txapeldun izatetik laugarren postura pasau da, finalera zuzenean igarotea zenbateraino izan daiteke kaltegarria txapeldunarentzat?

Egia esan, emoitzak ikusita kaltegarria dala dirudi. Bai Andonik bere azken urtean, bai Ametsek eta bai nik txapeldun izanda finalera sartu garenean, badirudi atzera egin dogula pixka bat. Izan daiteke eguna holakoa subertetea, kasualidadea izatea, edo beharbada hotzean harrapatzen zaituala eta zalantzarik barik, ez da erraza martxan dagoan errubera horretan sartzea eta tente urtetea besteen martxan. Ez dakit zenbaterainoko kasualidea edo beharbada zailtasun erantsi bat ete dan. Halandabe, nire ustez, ez geunke arazorik izan behar arau hori berraztertu eta birpentsetako. Emoitzek esaten dabenaren arabera, antza ez dau asko laguntzen.

 

10.- Une hunkigarria izan zan Lizasok txapela jarri eutsunean. Zer da zuretzat Lizasoren moduko bertsolari batek txapela jartea?

Ederra eta ohore bat da. Bertsolari handia da Sebastian eta daroan ibilbide oparoa ikaragarria da. Guretzat ganera, gauza desbardin asko izan da Sebastian: umetan erreferentzia handi bat, bertsolari mitiko bat… Bertsotan hasi ginanean ezin hobeto hartu ginduzan plazan, babestu, lagundu… urteakaz bertsokide izatera pasau gara, azkenean urte asko daroaguz danok honetan eta denporeagaz laguna izatera pasau da. Niretzat hori dana da Sebastian, gehi bera dana bertsolari modura Euskal Herrian eta bertsogintzeari begira.

 

11.- Igor Elortzaren eta Aitor Sarriegiren azken finala izan zan, biak ala biak zure belaunaldikoak...

Ez da batere harritzekoa, ondo ulertzen dot eta ganera asko enpatizetan dot euren sentimenduakaz eta erabagiagaz. Txapelketea oso exigentea eta gogorra da eta nire ustez, ez da betirako zeozer, nekea eragiten dau, presino handia da eta momentu batetik aurrera normala begitantzen jat bost edo sei txapelketaren ondoren ixtea erabagitea. Ez dot uste gauza traumatiko bat danik, batez be jakinda plazan kantetan jarraituko dabela eta plazan dagoala gure oinarria.

Txapelketara, barriz, beste jente bat etorriko da, beste arnas barri bat, kolore barri bat eta danak aurrera segiduko dau eta batez be plazetan orain arte egin dogun moduan danok segiduko dogu aurrera. Eskerrona orain arte emon dabenagaitik eta jarraitu daiela plazan.

 

12.-Seigarren finala izan dozu honakoa. Plazetan be 25 urte pasautxu daroazuz. Zelan ikusten dozu zeure burua hemendik aurrera?

Martxa honetan, bertsotan eta letren ganeko kontuetan segidutea da nire asmoa. Ez dot uste txapelagaz zeozer aldatuko danik, hainbeste urte eta gero, hobetzen eta fintzen segidu nahi dot, plazaz plaza gure onena emoten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu