'Egungo euskal literaturaren historia' bildumea osotu dabe
2017-12-22 09:32 KultureaEgungo euskal komikia eta literatura da zortzigarren eta azken alea.
Zortzi liburukik eta guztira 2.000tik gora orrialdek osotuten dabe Egungo Euskal Literaturaren Historia. EHUren Argitalpen Zerbitzuak kaleratu dauen obra horrek euskal literaturea aztertzen dau, 1975etik gaur egunera arte. Liburuki bakotxa literatura genero bati eskaini deutsie, klasikoetatik (nobela, poesia, ume eta gazte literaturea, ipuina, saiakerea eta antzerkia) ikerketa akademikoetan horren ohikoak ez diranetara (komikia eta nobela eta zinemearen arteko loturea). Liburuki bakotxak parte bi ditu: sarrera bat, aztertutako aldian generoak izan dauen garapenari buruzkoa, eta bigarrena, generoaren obra garrantzitsuak aztertzen dituana. Guztira, 130 obra aztertu dira, Jon Kortazarrek zuzentzen dauen LAIDA (Literatura eta Identitatea) ikerketa taldeak egindako lan horretan.
2007an ekin eutsan LAIDA taldeak ekimen honi, eta hamar urte geroago amaitutzat emon dau, Egungo euskal komikia eta literatura titulua daroan zortzigarren tomoaren argitalpenagaz. Honeek izan dira beste zazpirak: Egungo euskal eleberriaren historia (2007); Egungo euskal poesiaren historia (2008); Egungo euskal nobela eta zinema (2009); Egungo euskal ipuingintzaren historia (2011); Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia (2011); Egungo euskal antzerkiaren historia (2012); eta Egungo euskal saiakeraren historia (2013).
1975-2010 aldiko euskal literaturearen historia egin nahi izan dogu, genero literarioak kontuan hartuz, egungo euskal literaturearen historia honek gure garaiko euskal literatureak emon dauen guztiaren historia dinamikoa eta gaurkotua, azaldu dau Jon Kortazarrek, EHU Euskal Literaturako katedradun eta ikerketa taldearen zuzendariak. Zortzi liburukien azaletan Jesus Mari Lazkano margolari eta EHUko irakaslearen koadroak ipini ditue.
Bestetik, behin bildumea osotuta, honen ingeleseko bersinoa be argitaratu dabe, Contemporary Basque Literature izenburupean, Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentruaren eskutik. Gaztelania zubi izan barik, zuzenean euskeratik ingelesera itzuli dabe lan guztia. Liburu horretan jaso dira sei genero klasikoei buruzko analisiak: nobelea, poesia, ume eta gazte literaturea, ipuina, saiakerea eta antzerkia.
Egungo Euskal Literaturaren Historia bildumea lantalde zabal baten ahaleginari esker idatzi eta plazaratu ahal izan da: Batzuk uniberdidadeko irakasleak dira (Ur Apalategi, Asier Barandiaran, Xabier Etxaniz, Juan Kruz Igerabide, José Manuel López Gaseni, Iratxe Retolaza, Javier Rojo). Bestetik, tesiak bidean dituan ikerlariak dagoz (Amaia Serrano, Paulo Kortazar), edo tesia amaitu dabenak (Jaime Valverde eta Iratxe Esparza), itzulpengintzan trebatutakoa (Karlos del Olmo), egunkarietan eguneroko kritikaz dabizanak (Alvaro Rabelli, Javier Rojo); Artean adituak (Jesus Mari Lazkano, Iratxe Larrea, Susan Jodra) eta literaturearen didaktikan adituak be bai: Maria del Mar Boíllos, Amelia Benito del Valle. Beste batzuek be parte hartu izan dabe uneren baten taldean: Axun Aierbe zana, Iñaki Aldekoa, Jon Benito, Ibon Egaña, Angel Erro, Miren Ibarluzea eta Lourdes Otaegi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!