Juan Ignacio Vidarte eta Miguel Zugaza omendu ditu BBK-k
2017-12-22 08:32 KultureaGuggenheim eta Arte Eder Museoa museoetako zuzendariak dira, hurranez hurran.
Santo Tomas eguneko azokearen eta ospakizunen erdian, kulturearen alorreko eragile biri omenaldia egiteko tartea be topau eban BBK-k, azokearen antolatzaileak, izan be, urte berezia izan da hau Juan Ignacio Vidarte eta Miguel Zugazarentzat: Guggenheim Museoak 20 urte bete ditu eta Miguel Zugaza Arte Eder Museoaren zuzendaritzara bueltau da, Madrilgo Pradon urte ugari egin eta gero.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea egon ziran omenaldian. Eurek emon eutsien, hain zuzen be, Santo Tomaseko azokako etxolearen erreplikea Vidarteri eta Zugazari. Xabier Sagredo eta Gorka Martinez be egon ziran ekitaldian, BBKren izenean.
Beste urte batzuetan kirolari eta sukaldariak omendu izan ditue eta, beraz, aurten kultureari keinua egiteko momentua izan dala azpimarratu eban Gorka Martinezek: Uriaren garapenean eta eraldaketa kulturalean laguntzeagaitik saritu ditue Vidarte eta Zugaza.
Juan Ignacio Vidartek lotura estua izan dau Bilboko Guggenheim Museoagaz, proiektu hutsa zanetik. 1997an inaugurau ebenetik gaur arte, bera izan da zuzendaria eta, beraz, 20. urteurrenaren protagonistetako bat izan da. Ospakizunek bultzatuta, publikoaren erantzun handiko urtea izan dau museoak, miloe bat bisitari baino gehiago erakarri ditu eta.
Miguel Zugaza, ostera, Madrilgo Prado Museora joan zan orain dala urte batzuk, Bilboko Arte Eder Museoko ibilbidea amaituta. Aurten Javier Viar erretirau egin dala eta, Bilbora bueltau da Zugaza, eta museoa zuzentzeko ardurea hartu dau. Viarren agintaldiaren azken urteetan legez, Zugazaren lehenengo hileetan ospe handiko artisten erakusketak ekartearen aldeko apustua egin dau Arte Eder Museoak. Horri esker, bilbotarren eta bisitarien aldetik erantzun bikaina izan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!