Miloe bat sinadura batzen dabiz, Europako hizkuntza gitxituen alde
2017-12-21 11:07 Euskerea berbagaiEuskal europarlamentariak kanpaineari laguntzen hasi dira.
Europako Nazionalidadeen Batasun Federalak, FUENek, Europar Batasuneko 50 miloe lagun ingururen eskubideei eragiten deutsen ekimena ipini dau martxan; Minority SafePack izeneko horretan, hizkuntza gitxituak berba egiten dituen herritarren eskubideak babesteko lege lotesleak egiteko eskatzen deutsie Batasuneko erakundeei. Miloe bat sinadura lortzea da asmoa.
Bultzatzaileen arabera, Europako aniztasun linguistiko eta kulturalaren aldeko ekimena da hau eta eskatzen dituen neurrien artean, hezkuntzearen, politikearen eta kulturearen arlokoak dagoz. Ezinbestekoa da bardintasuna, ikus-entzunezkoen mundua eta parte-hartzea kontuan hartzea, eta estaduen babesa be beharrezkotzat jo dabe.
Kanpainea orain dala aste batzuk hasi zan eta, euskereari be mesede egingo deutsalakoan, Izaskun Bilbao europarlamentari bizkaitarrak asteon bertan bat egin dau ekimenagaz. Bilbon egindako ekitaldian, herritarrak animau ditu parte harttu deien. Bilbao EAJ-ren izenean dago Europako Legebiltzarrean, eta ALDE taldeko kidea be bada. Bilboko agerraldian, Ana Esther Furundarena Euzkadi Buru Batzarreko Euskera eta Kultura gaietako arduraduna eta Loránt Vincze FUEN alkarteko presidentea be egon dira.
Izaskun Bilbaok azaldu dau Europako Parlamentuko Gitxiengoen Taldeartekoan urteotan eginiko lanaren ondorioa dala kanpainea. Helburua da aniztasuna babeseko adierazpenak eta Hizkuntza Gitxituen eta Eskualdeetako Hizkuntzen Kartan jasota dagozan eskubideak lege lotesle bihurtzea. Era berean, gitxiengoen eskubideei buruzko autortzea zehaztea eta garatzea bilatzen dau, baita hizkuntza horreek baztertzeko debekua be, Lisboako Itunean eta Oinarrizko Eskubideen Europako Kartan adierazota dagoan legez.
Loránt Vinczek azpimarratu dau euskerearen komunidadeak ekimenari emongo deutsan bultzadea oso garrantzitsua izango dala, euskal hiztunak erreferente garrantzitsua diralako Europan hizkuntza gitxituak babesteko eta sustatzeko lanean. Amaitzeko, FUENeko presidenteak adierazo dau hizkuntza eskubideak dirala eremu urriko komunidadeetan babestu beharreko eskubideetako batzuk. Euskal Autonomia Erkidegoko ekimenak eredu dira Europa osoarentzat.
Sinatzeko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!