Bilboko Aratusteetako kartela aukeratzeko lehiaketea antolatu dabe
2017-12-21 08:44 KultureaUrtarrilaren 10era arteko epea dago proposamenak aurkezteko.
2018ko zezeilaren 8tik 13ra egingo ditue Aratusteak Bizkaiko uriburuan eta, ohikoa dan, legez, kartela aukeratzeko lehiaketea antolatu dau Bilboko Udalak; nahi daben guztiek parte hartu leikie, gehienez bina proposamen aurkeztuta. Kartelean Aratusteen funtsa adierazo beharko da, horretarako aproposak diran elementuak erabilita.
Urtarrilaren 10ean, 14:00etan, zarratuko dabe proposamenak jasoteko epea. Ondoren, kartel irabazlea aukeratzeko sistema mistoa erabiliko dabe: Balorazinoaren % 75 herritarren eretxiaren araberakoa izango da eta epaimahaiaren ikuspuntuak % 25eko pisua izango dau. Irabazleari 2.000 euroko saria emongo deutsie.
Epaimahaia Jai Batzordeak aukeratuko dau eta bertan egongo dira kulturearen, gizartearen eta diseinuaren arloko arduradunak. Udalak azaldu dauenez, epaimahai berezi horrek kartel finalistak aukeratuko ditu eta, ondoren, herritarrek gogokoenaren alde egin ahal izango dabe.
Igaz Sardinita izeneko lanak irabazi eban, hainbat lekutatik heldutako 50 kartel baino gehiagoren artean. Parte-hartzaile gehienak Bilbokoak izan ziran arren, urrunagotik bialdutakoak be egon ziran, esaterako Nafarroa, Katalunia, Errioxa, Andaluzia, Valentzia eta Murtziatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!