'Muchos hijos, un mono y un castillo'

Karolina Almagia 2017-12-20 13:32   Zinema kritikak

Pelikula original hau dibertigarria eta aldi berean tristea da.

- Herrialdea: Espainia.

- Zuzendaria: Gustavo Salmerón.

- Gidoia: Gustavo Salmerón, Raúl de Torres, Beatriz Montáñez.

- Musikea: Nacho Mastretta.

- Produkzino etxea: Gustavo Salmerón.

- Generoa: Dokumentala.

- Iraupena: 90 min.

- Balorazinoa: 4/5

Benetan bitxia da Julita Salmeron. Gaztetan hiru ames zituan: seme-alaba asko, tximino bat eta gaztelu bat izatea. Film honek zelan lortu eban hori dana kontetan deusku. Karlovy Vary Festibalean sari nagusia irabazi ondoren, Donostiako Zinemaldian erakutsi eban eta orain karteleran dogu dokumental berezi hau.

Gustavo Salmeron aktoreak hamalau urte pasau zituan bere ama grabetan, eskuko kamara bategaz batzuetan, Iphone bategaz beste batzuetan. Horren ondorioa da film hau eta bertan kontetan jakuz, modu natural baten, bat-batean aberastu egin zan klase ertaineko familia baten gorabeherak. Salmeronek samurtasunez, baina baita be intimidadearen eta lotsearen hesia apurtuz, bere ezohiko familiaren unibersoa erakusten deusku.

Chávarriren El desencanto-gaz konparau dabe, baina Paco Leonen Carmina-ren antz handiagoa dau. Familia hau ez da Leonena besteko punkya baina oso kaotikoa da. Amaren portaereak barre eragiten deusku eta denporea pasetearen ondorio latzen ganeko hausnarketek hunkitu egiten gaitue, izan be, dibertigarria eta aldi berean tristea da pelikula original hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu