Karmel aldizkariak 300. zenbakia plazaratu dau

Bizkaie! 2017-12-20 10:01   Kulturea

Markina-Xemeingo karmeldarren argitalpena 1931n sortu zan.

Euskerea, kulturea, literaturea eta hausnarketea ardatz, lan isil baina oparoan dabil aspaldiko urteotan Karmel aldizkaria. Markina-Xemeingo karmeldarren egoitzatik mundura zabaltzen da Karmel 1931tik, bidean hainbat gorabehera izan dituan arren. Debekuak eta beste arrazoi batzuk tarteko, etenak izan ditu bere ibilbidean, baina 1970etik ez da geratu. Plazaratu daben ale barria 300. zenbakia da.

Zenbaki biribilak etenbako ekintzak bizitea adierazoten dau, urte askotako ekintza kulturala, adierazo dabe aldizkariaren arduradunek, Euskaltzaindiak jaso dauenez. Bere ibilbide luzean Karmel mehatxupean egon dala gogoratu dabe, baina burua altzau ahal izan dauela. Aurrerantzean be lanean segiduteko asmoa dabe.

Atzera begiratu eta Karmelek bere orrietan jasotako ondare zabala gogoratu dabe aldizkariaren bultzatzaileek. 300 zenbaki asko dira, euskalgintzako, literaturako eta kulturako izen handien ekarpen ugari jasoteko beste: 700 autore inguruk parte hartu dabe, 5.000 idazlan eta 3.500 olerki ingururi lekua egin deutsie. Zenbaki horreek potolotu egingo dira laster, euskerea eta euskal kulturea hauspotzeko bidean aurrera egingo dabela ziurtatu dabe eta.

Gauzak holan dirala, 300. zenbakia, aurrekoak legez, maminez beteta dator: Luis Baraiazarrak Xabier Amurizaren ekarpen kulturala aztertu dau eta Iñaki Martinez de Lunak Euskaltzaindiaren Jagon jardunaldien barri zehatza dakar. Maite idazle mungiarrak bialdutako kronikak be topauko ditu irakurleak.

Horrezaz gan, sorkuntzarako tartea be badago: Javier Arrieta eta Joseba Aurkenerenaren ipuinak, Karlos Linazasororen eta Luis Baraiazarraren poemak, baita Pilare Baraiazarrak Iñaki Beristaini eskainitako bertsoak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu