2017-2020ko Euskerearen Agenda Estrategikoa onartu dabe

Bizkaie! 2017-12-20 08:26   Euskerea berbagai

Bederatzi helburu ezarri ditue, euskerearen ezagutzea, erabilerea eta eskubideak bultzatzeko.

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko legegintzaldian martxan jarritako Euskerearen Agenda Estrategikoak izan dauen betete-maileagaz (% 87) pozik agertu da Eusko Jaurlaritzea, eta aurrerapausuak egiten segiduteko asmoa agertu dau. Hartara, bederatzi helburu neurgarri dituan beste plangintza bat aurkeztu dau, 2017 eta 2020 urteen arteko Agenda Estrategikoa, hain zuzen be. Gobernu Kontseiluan onartu dabe egitasmo hori.

Plangintzeak Jaurlaritzearen euskerearen aldeko konpromisoa erakusten dau, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren arabera: Hizkuntza politika arloko ekimenak behar dan legez planifiketako eta gauzatzeko funtsezko tresnea izango da. Dokumentu estrategiko honek, ganera, euskerearen zehar-lerrotasuna bermatzen dau, administrazinoan zein gizartean.

Euskerearen Aholku Batzordeak oraintsu aurkeztu dituan Euskara 21. Itun barritu baterantz; Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP); eta Eta hemendik aurrera zer? dokumentuetan oinarrituta dago Agenda Estrategikoa, horreetan aitatzen diran alorretan eragin eta jasotako gogoetetan sakontzeko asmoz. Azken hamarkadetan euskereak gizartean izan dauen aurrerabidea finkatzea eta sendotzea dira helburuak, Jaurlaritzearen arabera. Horretarako, besteak beste, euskaldunen hizkuntza eskubideak aintzat hartuko ditue, erakunde publikoetan euskeraz arretea jasotea guztiz bermatzeko asmoa dabe eta.

Eduki zehatzei erreparauta, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak legegintzaldiaren hasieran agertutako lau konpromisoak dagoz Agendan: Euskerearen ezagutzea eta, ondorioz, euskaldunon kopurua areagotzea da lehen konpromisoa. Bigarrena euskerearen erabilerea sustatzea, batez be astialdian eta eremu ez formaletan. Hirugarrenik, herritarren hizkuntza eskubideen bermean eraginkortasunez aurrera egiteko konpromisoa dago. Azkenik, hiru eremu administratiboen (EAE, Nafarroako Foru Erkidegoa, Iparraldeko Euskal Elkargoa) arteko lankidetzea indartzeko konpromisoa, baita euskerearen nazinoarteko autormena bultzatzekoa be.


Horreek konpromisoak beteteko, bederatzi helburu estrategiko zehaztu ditu Jaurlaritzeak:

1.- Euskaldunen euskera-gaitasuna handitzea. Esaterako, 2020rako, 25 urtetik beherakoen % 75ek euskeraz jakitea.

2.- Euskerearen transmisinoa indartzea, etxean zein etxetik kanpo.

3.- Erabilerea handitzea, baita erabilten dan euskerearen kalidadea be.

4.- Erakunde publiko zein pribaduetan euskerearen erabilerea handitzea. Zerbitzu eta lan hizkuntzea izan behar dau euskereak.

5.- Hizkuntza eskubideak babestea.

6.- Hizkuntzea bizibarritzeko ezagutzea eta barrikuntzea garatzea. Hiztegiak, azterketa soziolinguistikoak eta abar dagoz hor.

7.- Euskerearen eta hizkuntza politiken inguruko adostasuna gizarteratzea, jentearen jarreran eragitea.

8.- Euskal Herriko erakundeen arteko lankidetzea bultzatzea.

9.- Euskerearen nazinoartekotzeari eta eleaniztasunaren aldeko konpromisoari jarraipena egiteko ekintza kopurua ugaritzea.

Horreen bederatzi helburuen barruan, helburu zehatzagoak jaso ditu Jaurlaritzeak, eta 2020rako lortu nahi dituan zenbakiak ezarri ditu. Hortaz, helburuok zenbateraino bete diran neurtu ahal izango da plangintzearen ebaluazinoa egiteko orduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu