Chagal, Giacometti eta Esther Ferrer, 2018an Guggenheimen

Bizkaie! 2017-12-19 08:32   Kulturea

Museoaren patronatuak hurrengo urteko programazinoa onartu dau.

Patronatuko kideak, aenduko batzarrean (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

2018an, Bilboko Guggenheim Museora helduko diran erakusketen aurrerapenaren barri badogu, museoaren patronatuak egindako batzarrean egitarauari oneretxia emon deutsie eta. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dala, patronatuko kideek 2018ari begirako hainbat kontu jorratu ditue. Publikoarentzat eta, batez be, arte zaleentzat, erakusketen zerrenda mamintsua da azpimarragarriena.

Lau oinarri izango ditu 2018ko programazinoak: Gaur egungo artearen oinarriak; garaikidetasun zatien atala; aldi baterako erakusketak; eta bideo-artea. Plangintza horren barruan, nazinoarteko goi mailako artisten obrak ekarriko ditue Bilbora, berbarako, Marc Chagal sortzaile bieloerrusiar-frantziarraren sasoirik emonkorreneko (1911tik 1919ra) lanen bildumea ikusi ahal izango da. Errusiako arte herrikoiaren eta abangoardien arteko nahastea agiri da Chagalen obra horreetan.

Thannhauser bilduma ikusgarriaren zati bat be Bilbon izango da datorren urtean: Thannhauser abizendun familia bildumazaleak 20. mendearen lehen partean pilotutako goi mailako obrak dira, esaterako: Cézanne, Picasso, Van Gogh eta abar.

Atzera begirako aldi baterako erakusketen artean, Alberto Giacometti eskultore suitzarrari eskainitakoa nabarmendu behar da. Joan dan mendeko lehen erdian abangoardien eta artea egiteko modu barrien bultzatzaile izan zan, eta haren estiloaren parte dira forma luzeko figurak.

Bertoko artistei be lekua egingo deutse Guggenheimek 2018an. Hartara, Esther Ferrer artista gipuzkoarraren lana ezagutu ahal izango dabe bisitariek. Beste emakume bat be, Joana Vasconcelo portugaldarra, programazinoan sartu dabe. Ikus-entzunezkoen atalean, Michael Snow, Diana Thater eta Javier Téllezen bideo-sorkuntza bana ekarriko ditue.

Beste alde batetik, patronatuaren batzarrean informazinoa zabaldu dabe 2017ko ospakizunen inguruan. Museoaren 20. urteurrena gogoratzeko ekitaldiek ikusgaitasun handia izan dabela dinoe museoko arduradunek, bai berton eta baita nazinoartean be. Horrek Bilboko Guggenheimen erakargarritasuna handitu dauela dirudi: 2017an, 1.238.000 bisitari egon dira (azken asteetako datuak kontau barik) eta dagoeneko 27.000 banakako bazkidetik gora ditu museoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu