Izarkom sortu dabe, Euskal Herriko telekomunikazino operadore kooperatiboa

Bizkaie! 2017-12-19 08:25   Kulturea

Interneteko zerbitzuetako sarbidea kostu onargarrian eta kalidadez emotea dau helburu.

Izarkom aurkezteko ekitaldia (argazkia: Izarkom) | Ikusi handiago | Argazki originala

Izarkom proiektuaren bultzatzaileek azaldu dabenez, informazino eta komunikazino teknologietarako sarbidea Giza Eskubide legez autortua dauka Nazino Batuen Erakundeak, baina oraindino leku gitxitan dago zerbitzu hori herritar guzti-guztientzat bermatuta. Euskal Herriko txoko guztietara heltzeko asmoz, dagoeneko herri batzuetan martxan dagozan azpiegitura edegi, libre eta neutraletan oinarrituko da Izarkom. Herritarrakaz alkarlanean, ganera, era horretako sare gehiago zabaltzen ahaleginduko da.

Funtsean, interneteko zerbitzuetarako sarbidea bermatuko daben zerbitzu-moltsoa da Izarkom, kostu onargarrien eta kalidadezko baldintza teknikoen bidez. Izarkom, finean, Euskal Herriko telekomunikazino operadore kooperatiboa da, azpiegitura telematiko zein telekomunikazio zerbitzuen gaineko burujabetzarantz bidea egiten joateko, sortzaileen arabera. Euskal Herri guztian internet, telefono finko eta mugikorra eskaintzen hasiko da.

Izarkomek eregitako edo bultzatutako sare guztiak sare partekatu eta edegien ilizentzia prokomunari lotuta egongo dira. Azpiegiturak ez bikoxten eta ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eragiten ahaleginduko dira. Ekonomia sozial eraldatzailearen aldeko apustua da Izarkom, bultzatzaileen arabera. Horregaitik, irabazi asmo bako kooperatibea da, parte hartu nahi daben kide guztien artean modu demokratikoan kudeatuko dabena.

Ekonomiaren aldetik ikuspegi barritzailea dakar Izarkomek, telekomunikazino sare libre eta partekatuen aldekoa. Herri ikuspegia be badau, bertoko sare telematikoen alde egiten dauelako. Era berean, zerbitzuetarako sarbidea benetan danentzat izan daiten, prezioa arrazoizkoa izan behar dala dino Izarkomek, eta zerbitzua, kalidadezkoa.

Laster lanean hasteko asmoz sortu da Izarkom, berehala hasi nahi dabe zerbitzua eskaintzen. Esate baterako, urtarrilean telefonia mugikorra eskaintzen hastea aurrikusi dabe. Izarkom Olatukoop sareko kide da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu