Mungian egingo dabe 2018ko Bertso Eguna

Bizkaie! 2017-12-18 12:56   Bertsolaritzea

Formatua aldatuta dator urtarrilaren 27ko hitzordua.

2016ko Bertso Eguna, orain arteko azkena (argazkia: Kursaal) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gogoetarako tartea zabaldu eban Bertsozale Alkarteak 2016ko Bertso Egunaren ostean, ordura arteko eredua agortuta egoalakoan eta ospakizunari buelta bat emoteko asmoz. Hartara, 2017an ez zan Bertso Egunik egon eta 2018koan ikusi ahal izango da gogoetearen emoitzea.

Hasteko eta behin, egoitzea aldatu dau Bertso Egunak. Orain arte Donostian egin izan da, urtero-urtero. 2018koa, ostera, Mungian izango da eta hurrengo urteetan lekuz aldatzen joatea da asmoa. Urtarrilaren 27rako ipini dabe hitzordua, hor ez dago barritasunik, urtarrileko azken zapatuan egitea izan dalako ohiturea azkenaldion.

Egoitza ibiltariaren bidez, bertsozaletasuna Euskal Herri osora zabaldu nahi dabe antolatzaileek, herririk herri eta eskualderik eskualde eragin, Bertso Egunaz gozetako aukerea Donostiatik kanpoko beste eremu batzuetara eroanda. Kontuan izan behar da 48. aldia izango dala 2018koa, eta lehenengoz urtengo dauela Bertso Egunak Gipuzkoako uriburutik.

Formatua barriztauta be helduko da datorren hileko Bertso Eguna, bertsolaritzearen neurriari egokituagoa. Halandabe, goi mailako bertsolariak konbidauko ditue, beste behin: Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Manex Agirre eta Oihana Bartra. Arrastiko 19:00etan hasiko dan ekitaldi nagusiaz gan, beste hainbat jarduera egongo dira Mungian: Mahai-ingurua, hiru bertso-bazkari (zale bakotxak gogokoen dauena aukeratu daian) eta kontzertuak gauean.

2018ko Bertso Egunaren gaia abestietako berbak eta bertso idatziak izango dira. Mahai-inguruan horren ganean berba egingo dabe, bertsolariek ez eze, baita musikari batzuek be. Ohiko moduan, esperimentazinoa izango da Bertso Egunaren beste ardatzetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu