Orozko UEMAn sartu da

Bizkaie! 2017-12-18 11:00   Euskerea berbagai

Ikaztegietan egindako batzarrean, ganera, 2018ko ildo nagusiak onartu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak.

UEMAko eta Orozkoko Udaleko ordezkariak (argazkia: UEMA) | Ikusi handiago | Argazki originala

UEMAren kideen zerrendea potolotzen doa pixkanaka. Ikaztegietan egindako batzarrean, mankomunidadeko udalerri guztietako ehun ordezkari inguru batu dira. Aurrerantzean kide barria izango dabe horreek herriek, Orozko hain zuzen, UEMAren Batzar Nagusiak begi onez hartu dauelako Bizkaiko udalerri horren eskaria. Mankomunidadeko 85. udalerria izango da.

Orozkoko Udalean dagozan alderdi guztien oneretxiagaz erabagi zan UEMAn sartzeko eskaria egitea, garagarrilean. Gaur egun, 2.600 biztanle pasautxu ditu herriak, gehienak euskaldunak (UEMAn sartzeko gitxienez % 70 izan behar dira euskaldun). Orozkoko agintariak kezkatuta dagoz, ezagutzearen eta erabilerearen artean dagoan aldeagaz baina UEMAko kide izanda, herriko kaleetan euskera gehiago entzuteko neurri eraginkorragoak hartu ahal izango dituelakoan dagoz.

Begoñe Olabarria Orozkoko Euskara eta Kultura zinegotziak Ikaztegietako batzarrean adierazo dauenez, oso pozgarria da UEMA moduko erakunde baten parte izatea, oso aberasgarria eta onuragarria izango dalako gure herriarentzat. Orozko bertan sartzeko proposamena herritik sortu zan, herritarrek osotutako euskera taldetik. Eta herriagaz alkarlanean heldu gara puntu honetara. Hasieran pentsau moduan egiten gabiz bidea. Horregaitik, eskerrak emon deutsez erabagi honetan bidelagun izan diran herritarrei.

Beste alde batetik, udalerri euskaldunei lotutako gai ugari aztertu ditue Batzar Nagusian. Esate baterako, UEMAko herrietan eta Tolosaldeko herrietan euskerearen erabilerea neurtzeko egindako kale neurketen emoitzak aztertu ditue. Bestetik, hizkuntzearen ezagutzatik erabilerara dagoan aldea ze faktorek eragiten daben aztertzeko egindako ikerketea be gogoratu dabe, bertan batutako ondorioak giltzarriak diralakoan udalerri euskaldunetan euskerea bizibarritzeko.

2018ko plangintzan, UEMAk areagotu egin ditu udalerri euskaldunak jagoteko, herritarrak sensibilizetako eta euskerea alor guztietan lantzeko ildoak. Horren barruan, Euskaraldia ekimena udalerri euskaldunetan berariaz zelan landuko daben be aztertu dabe batzarrean, UEMAk Euskaraldiagaz eta Topaguneagaz adostutako Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! proposamena oinarritzat hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu