Maialen Lujanbio, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazle
2017-12-18 09:19 BertsolaritzeaBuruz burukoan Aitor Mendiluzegaz kantau, eta bigarren txapela jantzi dau hernaniarrak.
Bertsolaritzearen eta euskal kulturearen jaia bizi izan eban Barakaldoko Bizkaia Arenak atzo, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finalean. Harmailak lepo beteta (14.600 entzule), giroa bero eta bertsolariak gogotsu, osogai horreek egun magikoa sortu eben. Zortzi finalistek lan ederra egin eben, goizean zein arratsaldean bertsoaldi bikainak entzun ahal izan ziran. Azkenean, baina, Maialen Lujanbiok irabazi eban, ondo mereziduta ganera.
Hasierako ariketetatik indartsu ekin eutsan hernaniarrak saioari, 2009an irabazitako txapela barriro jazteko asmoz. Goizeko saioan beste finalista batzuk be nabarmentzen hasi ziran, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina batez be. Amets Arzallus aurreko txapelduna, ostera, zelan edo halan eusten, espero zan mailatik pixka bat behera ibili zan hendaiarra.
Bazkalostean indartsu bueltau ziran danak: Goizean lan ona egindakoek erritmoari eutsi eutsien eta kili-kolo ibilitakoek gora egin eben. Goizean zein arratsaldean, kalidade handiko bertsoaldiak egon ziran. Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak gaiari erantzunaz kartzelakoan bakarka botatakoak dira aitagarrienak, BEC behin baino gehiagotan lehertu zan, txalo zaparrada zaratatsuetan. Adibidez, Lujanbiok berak egindako goitik beherako bertsoaldia egundokoa izan zan, familiagaz arazo ugari izan eta gero bueltau danaren ahotik.
Buruz burukorako Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze aukeratu zituen epaileek. Ordurako zaleen artean jakina zan Lujanbio bete-betean egoala. Mendiluze azken ariketetara pasau izana be ez zan sorpresea izan, baina Sustrai Colina be ez zan urrun ibili. Gerora, epaileen puntuazinoak eskuan, ikusten da Lujanbio abantaileagaz heldu zala buruz burukora. Baina, ganera, azken ariketa horreetan be, Mendiluzek baino puntu gehiago batu zituan.
Izerdia berbeari bederatzi puntuko bertso bana bota behar izan eutsien Lujanbiok eta Mendiluzek. Ondoren, bakarka, gai honi erantzun eutsien: Bada ordu erdi auto bera atzetik duzula. Txapelketa guztian egin dauen legez, hor be ikuspegi original eta sakona aukeratu eban Lujanbiok, prostituta baten papelean sartuta. Bertsoaldi biribila izan zan.
Sebastian Lizasok jantzi eutsan txapela Maialen Lujanbiori. Hernaniarrak 1.756 puntu batu zituan, eta Mendiluzek 1.680,5. Ganerako sailkapena holan geratu zan: Hirugarren Sustrai Colina (1.137,5), laugarren Amets Arzallus (1.136), bosgarren Igor Elortza (1.124), seigarren Aitor Sarriegi (1.107,5), zazpigarren Beñat Gaztelumendi (1.037,5) eta zortzigarren Unai Agirre (1.072,5).
Bigarren txapela da Maialen Lujanbiorentzat, 2009koan irabazi eban lehenengoa. Mendiluze, ostera, lehenengoz heldu da buruz burukora. Finalaren ostean, Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik iragarri eben ez dirala txapelketara barriro aurkeztuko.
Publikoaren jarrerea be apartekoa izan zan. Bertsolarien lan onak bultzatuta, burrunbada handiak eragin zituan bertsoaldi askoren amaieran. Finalisten lana gogoz txalotu eben 14.600 zaleek. Unerik hunkigarriena Lizasok Lujanbiori txapela jantzi eutsanekoa izan zan. Saioaren ondoren, oholtza ganeko ikuskizun bikaina beste aitatu zan harmailetako giro polita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!