Aitor Lopez de Aberasturi: 'Kaixo.com-en helburua inoz ez da izan Google-gaz lehiatzea'
2017-12-18 10:09 BarriketanKaixo.com atariaren bultzatzaile eta arduraduna
Interneten ibili ziran lehenengo euskaldunen erreferente izandako Kaixo.com atariak 20 urte bete ditu: 1997an sortu eban Aitor Lopez de Aberasturik, orduko euskal webguneak alkarregaz lotzeko asmoz. Harrezkero hamarkada bi pasau dira eta internetek goitik behera aldatu dau gizartea. Internetek berak be aldaketa sakonak izan ditu, baina Kaixok jakin izan dau egokitzen, hasierako sasoietako arrakastea urrun geratu bada be.
Lopez de Aberasturiren proiektu personal bihurtuta eta modu apalean aurrera eginaz, bilgune izateko helburu horri eusten deutso: Albisteak, eguraldia, telefonoen aurkibidea, euskerea ikasteko tresnak eta abar topauko ditu erabiltzaileak gaur egun. 20. urteurrena ospatzeko, ganera, dokumentala aurkeztu eban Lopez de Aberasturik Durangoko Azokan.
1.- Orain dala 20 urte, internet gaur egun baino ezezagunagoa zanean, zer dala eta sortu zenduen Kaixo.com?
Informatika ikasketak amaitu barri, masterra egin nenbilen eta irakasle batek esan euskun etorkizuna internet izango zala. Horri esker ezagutu genduan internet, orduko webgunean zeintzuk ziran eta abar. Ikusi neban Euskal Herriko webguneek, batez be euskerazkoek, alkarren artean loturarik ez eukiela eta bururatu jatan lotura horreek guztiak aurkibide baten batzea. Holan sortu neban Kaixo.com, euskerazko lehenengo bilatzailea.
2.- Sasoi haretan aitzindaria zan holako proiektu bat, batez be euskeraz.
Bai, ordurako baegozan Yahoo eta Altavista izeneko bilatzaileak, baina proiektu lokalik ez egoan, zentzu horretan aitzindaria izan zan.
3.- Zelako zerbitzuak eskaintzen zituan hasieran Kaixok?
Lehenengo zerbitzua aurkibide-bilatzailearena izan zan. Bigarren zerbitzua txata izan zan eta ondoren sortu neban zerbitzu bat, herri bakotxean egozan webguneak ikusteko. Pixkanaka zerbitzuak gehitzen joan nintzan, esate baterako, Europa Press barri agentziagaz akordio batera heldu nintzan, haren teletipoak gure webgunean sartzeko. Ehun barri baino gehiago izaten ziran egunero, kontuan izan behar da sasoi haretan egunkari gehienek ez eukiela edizino digitalik. Beraz, hori zerbitzu interesgarria zan. Txatak be arrakasta handia eukan, gaur egun ia ez da inor sartzen, baina garai haretan 200 persona inguru ibilten ziran, alkarregaz berbetan, ligatzen... Geroago, eguraldiaren iragarpena emoten hasi ginan, Edorta Romanen bidez.
4.- Euskeraz ikasteko edo praktiketako be erabilten dabe batzuek Kaixo.
Orain dala 12-13 urte, Kaixo Euskaltegia izeneko zerbitzu bat jarri genduan, euskerea ikasteko. EGA preparetako ariketa batzuk be sartu genduzan. Orain dala hiru edo lau urte, ganera, EGApp izeneko aplikazinoa sortu neban eskuko telefonoetarako, horren bidez landu leitekez sinonimoak, berridazketak eta abar. Dagoeneko 10.000 deskarga baino gehiago izan ditu.
5.- Kaixo agertu zanean, gaur egun baino askoz erabiltzaile gitxiago ebizan sarean. Halandabe, atariaren urterik arrakastatsuenak izan ziran hasierakoak?
Hasierako urteak oso arrakastatsuak izan ziran, gero eta erabiltzaile gehiago egozan. Kontua da, euskerazko zerbitzu gitxi egozala, gaur egun euskerazko webgune pilo bat dagoz. Baina garai haretan, euskaldunen artean, internet ezagutzen ebanak Kaixo ezagutzen eban. Jente askok esaten eustan, Kaixo da nire hasierako orria. Gaur egun, esaten deuste Kaixo oraindino existiduten da?. Gauzak asko aldatu dira, bigarren urterako ia 3.000 lagunek erabilten eben egunero, bosgarren urtean 8.000 inguruk. Errekorra Osakidetzako oposizino batzuk preparetako sistema bat atera genduanean izan zan, 50.000 persona sartu ziran egun baten.
6.- Gaur egun proiektu apalagoa da.
Kaixo beti izan da proiektu personal bat, batez be neu arduratu naz. Baina orain dala 15 urte erabagi neban pagetan nebazan zerbitzu batzuk (web bidezko posta, barriak, eguraldia...) automatizautako zerbitzu bihurtzea eta, beraz, eduki propiorik bakoak izatea. Orduan, azken urteotan bai izan dala benetan proiektu personal bat. Horrek eragin dau erabiltzaileen kopurua asko gitxitzea, gaur egun mila erabiltzaile baino gitxiago doguz.
7.- Google eta antzeko zerbitzuei aurre egitea gatxa da?
Ez pentsau horrek askorik eragin deuskunik. Google gu baino urtebete geroago jaio zan eta, ordurako, Kaixo ez zan bilatzaile bat, ataria baino. Google-gaz ezin dogu lehiatu, inondik inora, munduko web guztietan bilaketak egiteko daukien sistemea ezinhobea da. Kaixoren helburua inoz ez da izan Google-egaz lehiatzea.
8.- Internet bera be asko aldatu da hogei urtean. Orain, telefono mobiletik sartzen da jente asko, sare sozialek pisu handia daukie. Zelan egokitu da Kaixo?
Azken urteotan Kaixo erabili dot, sarritan, probak egiteko. Adibidez, igaz Kaixo webgune seguru bihurtu zan. Hau da, webgunean sartu eta berehala, helbide-barran agertzen da segurua dala (https zeinuaren bidez). Google-ren algoritmoa asko aldatu da azkenaldion eta webgune segurua izatea abantailea da bilaketetan gorago agertzeko. Aurten, ganera, telefono mobiletara egokitu dot Kaixo.
9.- Gaur egun ze zerbitzu erabilten dira gehien Kaixo.com-en?
Euskaltegia asko erabilten da. Hasieran euskaltegiek eurek erabilten eben tresna hori, gero euren webguneetan antzeko zerbitzua eskaintzen hasi ziran. Halandabe, gureak be erabiltzaile asko izaten segitzen dau. Bestetik, enpresa batek akordioa dauka gugaz, eta Kaixoren bidez eskaintzen dau telefono zenbakiak bilatzeko zerbitzua, Orrialde Zuriak esaten jakona. Hori oso ondo posizionauta agertzen da Google bilatzailean eta, horregaitik, zerbitzu horren bidez erabiltzaile asko heltzen jakuz.
10.- Gaur egungo erabiltzaileen perfila zelakoa da?
Lehen, gehienbat gazteak ziran, batez be txatean, baina gaur egun interneten klase askotako jentea dago. Ez dago perfil zehatz bat Kaixon sartzen diranen artean.
11.- Hogei urte bete dituala eta, Kaixoren inguruko dokumentala aurkeztu barri dozu Durangoko Azokan. Zelako lana da?
Batetik, kontetan da interneten hasierea zelakoa izan zan Euskal Herrian. Konbidau batzuei alkarrizketak egin deutsedaz eta internet zelan ezagutu eben azaltzen dabe. Bestetik, internetek izan dauen garapena eta gaur egungo egoerea be jorratzen dabe. Kaixoren ibilbideari jagokonez, batez be lehenengo urteetako kontuak agiri dira, baita atariaren garapena zelakoa izan dan be. Atzera begiratu ezkero, konturatzen gara Kaixoren diseinua ia urtero aldatzen joan dala. Dokumentalaren helburu nagusia Kaixo.com-i omenaldia egitea izan da.
12.- Aurrera begira, zelan ikusten dozu Kaixo.com-en geroa?
Ez dakit, egia esan. Liburu bat edo disko bat aurkezten dozunean, hor amaitzen da egin beharreko lana. Webgunea, ostera, eten barik elikatu behar da. Behin 20 urte beteta, uste dot hau ez dala amaierea, baina bai puntu eta aparte bat. Momentuz, eustea da asmoa, zerbitzu gehienak automatizauta daukadaz, eta etorkizunean ikusten badot aukerea dagoala beste zerbitzu barri bat emoteko, ba aurrera. Une honetan ez daukat ezer berezirik gogoan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!