Nekazaritzeari buruzko azterlan etnografikoa plazaratu dau Labayruk
2017-12-15 12:51 KultureaAtlas Etnográfico de Vasconia proiektuaren parte da monografiko hau.
Agricultura en Vasconia izenburuagaz argitaratu dau Labayru Fundazinoak Atlas Etnográfico de Vasconia proiektuko azkenengo alea, orain arteko zortzigarrena. Euskal Herriko ohiturazko bizimoduaren bildumea da atlas hori, eta hainbat ale monografiko plazaratzea da asmoa, esate baterako, oraingo hau nekazaritzea ardatz hartuta. Atlaseko bilduma osoa argitaratzea urte askotako lana izan da, eta luzaro jo leike oraindino. Zeregin horretan Labayru Fundazinoa dabil gidari, Etniker taldeen bidez.
Labayrukoek dinoenez, lan ederra da, aurreko guztien moduan. Lurraldetik lurraldera nekazaritza-paisajea asko aldatzen da, eta horregaz batera lurrean lantzeko gaiak. Liburuan zehaztasun handiz jorratzen dira hainbat gai, era honetara antolatuta: lur muetak; uztak; ereitea (zer, noz, zelan) eta lantzea, batzea; bedarra; linoa; fruta-arbolak; olibondoa eta mahatsondoa; origoa, ardaua, txakolina eta sagardaoa egitea; tresnak eta erremintak; neurriak; esku-beharra eta indarra; gurdia; mekanizazinoa; salmentea eta jaubetzea; siniskerak eta erritoak.
Bizimodua urte gitxian asko aldatu dala esaten dogu sarri; baina, ezertan aldatu bada honetan aldatu da. Mekanizazinoa, lantegietarako jokerea, baserriak eta lurrak banatzea… hainbeste eragile dagoz. Ha ta guzti be, ez dago dudarik gure nortasunaren eta izakerearen mapea dala lurra eta lurra lantzeko modua, dino Labayruk.
Ander Manterola, Atlas Etnografikoko arduradunak azaldu dauenez, erromatarren sasoitik bereizi izan diran Euskal Herri biak agirian dagoz nekazaritzea aztertu ezkero: Saltus Vasconum eremu hezea eta malkartsua; eta Ager Vasconum leunagoa eta lehorragoa, edo behinik behin mediterraniarra. Soloen eta mekanizazinoaren ezaugarrietan eremu horreen bien arteko aldea badagoala dino Manterolak.
Datu ugari dakarz Agricultura en Vasconia liburuak, 1.200 orrialdetan, baita argazki zaharrak be. Euskal Herriko nekazaritzearen garapenaren eta ezaugarrien ganeko erreferentziazko argitalpen izateko plazaratu dabe. Ander Manterolagaz batera, Gurutzi Arregi ibili da koordnazinoan eta edukiak atontzen, Etniker taldeetako adituen bilketa-lan arduratsua ahaztu barik.
Nekazaritzearen inguruko ale hau argitaratu barria da, Durangoko Azokan salgai izan eban Labayruk. Atlas etnografiko gehiago egiteko asmoa dabela dinoe Labayrukoek. Manterolaren esanetan, espiritualtasunari eta errituei lotutako alea izan leiteke hurrengoa: Gabonak, garizumea, urtaroetako ohiturak eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!