Fredi Paiak irabazi dau XII. Balendin Enbeita Bertso-papel Lehiaketea

Bizkaie! 2017-12-15 09:16   Bertsolaritzea

ALBE, Algortako Bertsolari Eskolearen galan emon eutsien saria.

Fredi Paia ALBE galan kantari, Xabi anaiea eta Itsaso arrebea begira dituala (argazkia: ALBE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtea ondo biribiltzeko ohiko hitzordua izaten da ALBE galea Algorta eta inguruko bertsozaleentzat. Aurtengo edizinoa abenduaren 9an egin eben eta, giro onez eta bertso ederrez betetako gaualdiaz disfrutau ez eze, XII. Balendin Enbeita Bertso-papel Lehiaketako onenei sariak emon eutsiezan.

Bertsolari ezagun-ezagun bat, ganera Algortakoa, izan da aurtengo edizinoko irabazlea: Fredi Paiak Edmund Shee izeneko bertso-bildumea aurkeztu eban, 18. mendean Bizkaira etorri eta Aixerrotako errotea eregi eban irlandarraren historia, bederatzi bertsotan. Sheeren gorabeherak ez eze, sasoi haretako jazoera ekonomiko, sozial eta beste arlo batzuetakoak ezagutzeko modua emoten dau Paiaren lanak.

Helduen mailako bigarren saria, barriz, Mikel Arrillagak irabazi dau (Puntu beltzak bertso-bildumeari esker) eta hirugarren saria Ekaitz Goikoetxearentzat izan da (Gora baserritarrak).

Gazteen atalean be hiru sari emon ditue, eta holan geratu da sailkapena: Lehenengo, Julene Iturbe (Horrela askoz politago hago), bigarren Aner Euzkitze (Ni ere erortzen noa) eta hirugarren Itsaso Aizpurua (Ezezagun maite). Bertso-bilduma irabazle guztiak, hemen.

Bertso jarriak ez eze, bat-batekoak be entzun zituen ALBE galara hurreratu ziranek: Andoni Egaña, Alaia Martin, Xabi Paya eta Ibon Ajuriagojeaskoa ibili ziran kantuan, Beñat Vidal ALBEko kidea aurkezle zala, eta Zihara Enbeita gai-jartzaile. Musikea, jan-edanak eta abar be izan zituen bertaratutakoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu