Martxan da 2018ko Euspot Lehiaketea
2017-12-15 08:36 KultureaPublizidadea, sormena eta euskerea buztartzen ditu.
Euspot, euskerazko spot edo iragarkien lehiaketea, pixkanaka badoa finkatzen: 2017ko edizinoa orain arteko arrakastatsuena izan da, 51 lan aurkeztu dira eta. Ganera, parte-hartzaile gazteak dira gehienak, azken edizinoan aurkeztutako 31 lan 18 urtetik beherakoek eginak ziran. Internet bidezko botazinoan milaka boto jaso zituen.
Beraz, Euspoten antolatzaileak gogotsu dagoz 2018ko edizinoari ekiteko. Zazpigarren edizino hau aurkezteko ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako Udaleko euskera teknikari Ane Lore Estala, Mondragon Unibersidadeko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako Edurne Balzategi eta Arteman enpresako zuzendari Arantzazu Lagunilla. Iban Garcia youtuberrak eta Ana Goitia instagramerrak be parte hartu dabe aurkezpenean.
Batetik, 2018ko lehiaketearen gai nagusia aitatu dabe: Irudi digitala gure bizitzako hartu-emonetan esaldian oinarrituko da. Sare sozialetan norbere irudia erabiltearen ganeko gogoetea bultzatzea da edizino barri honen helburua, izan be, Euspoteko bultzatzaileek nabarmendu dabenez, sare sozialak gure egunerokoan ondo sartuta dagoz eta horrek alkarren arteko hartu-emonak be baldintzatzen ditu. Sare sozialetan erakusten dogun irudiari garrantzi handiegia emoten ete deutsagun, sare sozialetan ikusten dan guztia erreala ete dan... ertz asko dituan gaia da.
Bestetik, parte hartzeko baldintzak be jakitera emon ditue: Lanak maiatzaren 2ra arte entregau leitekez. Aurtengo gaiagaz loturea daukan euskerazko spot-a grabetea da kontua, 20-30 segundukoa. Hona hemen berau egiteko argibideen brief-a. Euskerazko sormena bultzatzea da helburua eta, beraz, edozeinek dauka izena emoteko eta bere iragarkia bialtzeko eskubidea. Sari-banaketea maiatzaren 17an egingo da, Aretxabaletan. Oinarriak, hemen.
Saritan 2.500 euro banatuko ditue. Aurtengo nobedadeetako bat musika sinkronizazino onenaren saria da, lehenengoz emongo dabe eta. Horrezaz gan, beste lau sari emongo ditue: Spot-ik onena; Mondragon Unibersidadeko ikasleen arteko spot-ik onena; Publikoaren saria; eta BHklip saria, 14 eta 18 urte bitartekoentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!