EIZIEk 30 urte bete ditu

Bizkaie! 2017-12-14 08:16   Kulturea

Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen alkarteak Donostian ospatuko dau efemeridea, gaur, barikua.

Euskeraz lan egiten daben itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteei babesa eta autortzea emoteko asmoz sortu zan EIZIE 1987ko udagoienean, eta dagoeneko 30 urte bete ditu zeregin horretan. Ospatzeko tartea hartuko dabe gaur, hilak 15, Donostiako Egia kultur etxean antolatutako jaian, 18:30ean hasita. Ekitaldi horretan, Lurdes Auzmendik, Xabier Mendiguren Bereziartuk eta Josu Zabaletak kontauko dabe EIZIEren sorrerea zelakoa izan zan, eta Miren Ibarluzeak eta Bego Montoriok euren bizipenak partekatuko ditue, Karlos del Olmok gidaturiko barriketaldian. Bertsotarako eta omenaldirako tartea be izango dabe.

Ganera, Jone Lizarralde diseinatzaileak ikur berezia sortu dau, EIZIEren logoagaz batera erakusteko, alkartearen urteurrena gizarteratzeko eta ikusgai bihurtzeko helburuz.

EIZIE 1987an eratu eben arren, bertako kideek gogora ekarri dabenez, ez zan ezerezetik sortu, baina orduantxe eratu zan alkartea, orduantxe egin sorrera-batzarra, orduantxe aurkeztu estatutuak. Hirurogei itzultzaile inguruk parte hartu eben hasierako pausu hareetan eta, laster, interpreteei eta zuzentzaleei be lekua egitea pentsau eben. Halandaze, lehenengo batzarretan 130 bat kide batzen ziran.

Lehenengo lehendakaria Juan Mari Lekuona izan zan, lehendakariordea Xabier Mendiguren Bereziartu, idazkaria Josu Zabaleta, eta diruzaina Ramon Etxezarreta.

Hainbat helburu ezarri zituan EIZIEk bere estatutuetan, oraindino be indarrean dagozan asmoak. Esate baterako, itzultzaile, interprete eta zuzentzaileei babes juridikoa emotea, lan baldintzak hobetzea, euskerazko kalidadezko itzulpenak bultzatzea, lan literarioak euskeratzeko ekimenak sortzea eta abar.

Ganera, lanbide horreetan dabizan profesionalen egunerokoa errazten be ibili da alkartea hasieratik. Adibidez, bazkideen arteko hartu-emonak sendotzeko modu ugari erabili ditue, posta-zerrendak, jardunaldiak eta informazino-boletinak tartean. Prestakuntzea be eskaini izan dau EIZIEk. Gaur egun, 350 bazkide inguru ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu