EIZIEgaz batera hasi eta hazi da itzultzaile profesionalen generazinoa
2017-12-15 09:53Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea da EIZIE. Gaur ospatuko dau 30. urteurrena.
EIZIEgaz batera hasi eta hazi da itzultzaile profesionalen generazinoa. Ni neu, behintzat, lehen letrak idazten ikasten ibiliko nintzan alkarteko aitzindariek estatutuak atondu eta alkartea abiarazo ebenean. Gero, idazten nenkiala uste nebanean, itzulpengintza lizentziaturan emon neban izena Gasteizko Letren Fakultadean. Eta geroago jakin neban EIZIEk bere euki ebala artea eta partea EHUn lizentziaturea ipinteko prozesuan. Eta geroago ipini neutsan izena horri guzti horri tesian: Martuteneko Itzultzaileen Eskolak eta EIZIEk abiarazo eben euskal itzulpen-eremuaren erakundetze eta autonomizazino prozesua.
Ikasketetan eta ikerketan zehar sarri baino sarriago ibili gara alkartearen webgunean, Senez aldizkariko artikuluak deskargetan, irakurten, azpimarratuten, aletuten; sarri baino sarrriago jo izan dogu Nor da Nor datu-basera, halango liburuaren itzulpenik ba ete dagoan konfirmau guran; sarri baino sarriago idatzi izan dogu alkartera, ikastaro baten izena emoteko; sarri baino sarriago deitu dogu bulegora, honako edo harako itzultzaileagaz hartu-emonean paretako; eta abar eta abar eta abar.
Alkarteagaz batera jaio ginanontzat neba-arreba nagusi bat langoa izan da alkartea: hortxe egon da beti. Baina, geu baino nagusiagoa dan ezkero badauka zer kontau, gero! Gaur neba-arreba nagusiaren istorioa entzuteko erea eukiko dogu, Donostian: alkartearen sortzaileek lehen pausuak emon zituenekoak kontauko deuskuez eta guk, besterik egin ezinik, geure eskerrik beroenak emoteko ahalegina egingo dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!