'Izar-Estrella' antzerki obra barria aurkeztu dabe Arriagan
2017-12-14 13:13 KultureaBost emonaldi eskainiko ditue abenduaren 28tik 30era.
Arriaga Antzokiak denporaldiko estreinaldi handienetako bategaz emongo deutso amaierea 2017. urteari: Izar-Estrella Marie de Jongh konpainiaren lan barria da eta Jokin Oregik zuzendu dau. Lan hau Amour aurreko antzezlanaren ostean dator, Arriagagaz produzidu eta Bilboko antzokian bertan estreinau eben. Antzezlan horrek obra onenaren MAX 2017 Saria irabazi eban. Ikuskizun onenaren FETEN Saria be emon eutsien igaz, baita Euskal Produkzino lan onenaren Ercilla 2015 Saria be.
Izar-Estrella lanak Amour eta aurreko ikuskizunen bidea segiduten dau, berbarik erabilten ez dauen keinu bidezko lana da, komedia eta emozino handiko istorioa buztartuz, zazpi urtetik gorako ikus-entzuleei zuzendua.
Elisa Sanzek eszenografia eta jantziak sortzeko ardurea izan dau, bera da antzerki obrearen zuzendari artistikoa.
Antzezleen zerrendeari jagokonez, Anduriña Zurutuzak, Javier Renobalesek, Ana Meabek eta Ana Martinezek osotuten dabe. Marie de Jongh konpainiaren aurreko lanean egin eben legez, taldeak maskarak erabilteko apustua egin dau. Azpimarragarria da, baita be, Iñaki Salvadorrek sortu dauela musikea. Danek alkarregaz bizia emoten deutsie Izar-Estrella lanari, umeek eta nagusiek alkarregaz disfrutetako antzezlana, emozinoak eta gogoetak, zalantzak eta egiak partekatzeko topaleku moduan ulertutako antzerkia, dala dinoe Arriagakoek, nagusien antzerkia umeentzat eta umeen antzerkia helduentzat.
Istorioari jagokonez, Izar da protagonistea, sei urte ditu, baina ospe handiko piano-jole bihurtzeko bidean da eta gurasoek ezarri deutsien diziplina zorrotzari esker, neskearen trebezia apartekoa da.
Danetara, bost emonaldi eskainiko ditue Arriaga Antzokian. Eguenetik, hilaren 28tik, zapatura, 30era.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!