Leonor Espinosak jaso dau Basque Culinary World Prize 2017 saria

Bizkaie! 2017-12-14 08:10   Jan edanak

Sariaren 100.000 euroak Kolonbiako Chocó departamenduko Gastronomia Zentro Integralera zuzenduko dira.

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan emon dabe Basque Culinary World Prize 2017 saria. Ekimen eraldatzaileak edo gizartean eragin positiboa dabenak abian jarten dituen chefak saritzen ditu, hain zuzen. Era horretan, helburua da erakustea gastronomiak balio leikela hainbat arlotan (barrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, gizarte edo ekonomia-garapenean edota osasunean) aldaketea bultzatzeko.

Eusko Jaurlaritzeak sortu eta emoten dau sari hori Basque Culinary Center-egaz alkarlanean, Basque Country estrategia integralaren barruan. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen dau Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalidadearen eta gizarte-kohesinoaren eredu, herrialde barritzaile eta lehiakorraz gan. Euskal gizartearen danon balioak (ahaleginaren kulturea, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldatzearen aldeko bokazinoa, emakume eta gizonentzako aukera-bardintasuna) Euskadiren irudiari lotzea da helburua, nazinoarteko gure bisita-txartela izan daitezan.

Arantxa Tapia sailburuak Leonor Espinosa chef kolonbiarrari emon deutso saria Funleo Fundazinoan egindako lanagatik, hainbat agintari eta persona ospetsuren aurrean. Garapenerako gastronomiaren arloko fundazino horrek herri batez be indigenen eta afrokolonbiarren antxinako jakintzea aldarrikatzen dau, eta landa-hazkunderako prozesuak bultzatzen ditu elikadura-burujaubetzea ardatz hartuta; esangura horretan, produktore txikiakaz merkaturatzeko bideak ez eze, heziketa, nutrizino, ekintzailetzea zein turismorako guneak be sortzen ditu etnia horreek bizi diran herrietan.

Leonor Espinosak Funleoren barruan abian dituan hainbat proiektutara bideratuko dira sariaren 100.000 euroak; horreetako bat da, esate baterako, Chocó departamenduan Gastronomiako Zentro Integrala zabaltzea; zentro horretan, aberastasun gastronomikoren inguruan kontzientziau nahi ditue herritarrak, narkotrafikoaren alternatiba legez, komunidadeek, era autonomoan, ondare biologiko, kultural eta immateriala erabili deien gizartea eta ekonomia garatzeko.

Hamar finalistaren artetik Leonor Espinosa hautatu eben Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazle. Joan Roca (El Celler de Can Roca - Espainia) buruaz gan, munduan gehien eragin daben chefetako batzuk be baziran epaimahaian: Gastón Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko), baita hainbat aditu bere, Laura Esquivel, Como agua para chocolate bestsellerraren egilea, Kirmen Uribe euskal idazlea, Cristina Franchini nazinoarteko zuzenbideko aditua, Matthew Goldfarb landa-inguruneko soziologoa eta María Fernanda di Giacobbe, Basque Culinary World Prize 2016 sariaren irabazlea.

Saria emoteko ekitaldian honako adierazpenak egin ditu Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak: Euskadi aurrerantzean be gastronomiaren arloko nazinoarteko erreferentzia izatea nahi dogu, konbentziduta gagoz sektore hori oso garrantzitsua izango dala, izan be, pentsetan dogu gastronomia elikadurako balio-katearen maila bat dala eta eskema konbentzionalez bestelako ikuspegiak eta azkenean danoi jagokuzan gizarte-arazoentzako konponbideak eskaintzen dituan aldaketa-eragilea dala.

Leonor Espinosak, barriz, berbaldi hunkigarrian honako hau esan dau: Saria pozgarria da komunidade honeentzat, urte askoan, antxinako balioaren eta nazinoaren nortasun kulturalari egindako ekarpenaren bitartez, burrukan ibili diralako euren balioaren autorpena jasoteko. Gatazka armatuak, bidebakokeriak eta bazterkeriak eragindako isiltasuna arintzen dau zeozelan. Eta herrialdeari begira berretsi egiten dau, berradiskidetzeko prozesu honetan, garrantzitsua dala gastronomia-prozesuen alde egitea, herrien garapen ekonomikoa lortzeko tresna adierazgarri lez, zinez bertan baitago ongizatea sortzen dauen benetako ondarea.

Bestetik, Bixente Atxa Mondragon Unibersidadeko errektore eta Basque Culinary Centerreko Patronatuko presidenteak ondokoa erantsi dau: Azken urteotan gastronomiaren sektoreak izandako gorakadeak erdigunean jarri ditu chefak. Benetan uste dogu sektore horrek aparteko garrantzia izan leikela haren eragileek gizartearen arazo garrantzitsuetan arretea jarten dabenean.

Basque Culinary Centerrek gastronomiaren ahalmen ekonomiko eta soziala garatzea dau helburu: Horregaitik sortu genduan Eusko Jaurlaritzeagaz batera Basque Culinary World Prize saria; ekimen eraldatzaileak abiarazoten dituen chefentzako saria, hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu