Harriti Taldeak eta Maitane Izak irabazi ditue finalerako bina sarrera
2017-12-13 09:27Gernikan kantau eban lehenengoz Igor Elortzak 1988an.
1988. urtean, 13 urte zituala, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea izan eban lehen plazea Elortzak. Bost bider izan da Bizkaiko txapeldun eta Euskal Herriko hiru finaletan lehiatu da. Orain, barriz, Baigorrin hasi eta datorren domekan, abenduaren 17an, Barakaldoko BEC Erakustazokan amaituko dan finalean Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Unai Agirre eta 2013ko txapelduna, Amets Arzallus izango ditu lagun. Aurkezleak, barriz, Inazio Usarralde Arantzadi, Maite Berriozabal Berrizbeitia, Joana Itzaina Malharin eta Saroi Jauregi Aiestaran izango dira.
Kontuak kontu, 14.600 lagunek jarraituko dabe finala bertatik bertara: Pozgarria da jenteak finalean egoteko erakutsi dauen gogoa eta pasinoa. Euskal Herrian dagoan areto estalirik handienean egingo dogu; zoritxarrez ez da bertsozale guztientzako lekurik baina pozik gagoz zaleen erantzunagaz, azaldu dau Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko buruak. Parte-hartzaileen lana be goraipatu dau Muruak: Oholtzatik, bakotxa beretik, ekarpen asko eta askotarikoak egin jakoz bertsogintzeari; bertsogintzea izaten ari da txapelketearen ardatza.
Sebastian Lizaso, txapel-emoile
Aurten Sebastian Lizaso azpeitiarrak jantziko deutso txapela irabazleari. Joxe Lizaso aitaren eraginez txikitatik bertso giroan hezia, 1986an izan zan txapeldun eta txapeldunorde 1989an eta 1997an. Azken urteetan bera da plaza gehien egiten dituan bertsolarietako bat.
Bertsolari Txapelketa Nagusiak lehenengoz, zazpi lurraldeetan izan ditu saioak, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: Ez da kontu sinbolikoa bakarrik, modu batera edo bestera bertsolaritzea presente dago euskal lurralde guztietan esan eban aurkezpenean Jokin Castaños antolatzaileak.
Finalean sartu diranak ez eze, final laurenetan ibilitako 36 bertsolari danak eta, jakina, saioak irabazita aurrera egin ebenak be zoriondu gura geunkez: Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue. Eta Txapelketeari ekin eutsen guztiak be bai. Orain, barriz, finalean irabazi daiala onenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!