Euskal kulturearen erdigune izango da BEC domekan
2017-12-12 13:33 BertsolaritzeaEuskal Herriko Bertsolari Txapelketako final handira begira, zortzi finalistak gogotsu baina arduraz dagoz.
Irailean hasi zan 2017ko Txapelketa Nagusia eta, behin final laurenak eta finalerdiak pasauta, finala baino ez da geratzen txapeldun barria nor izango dan jakiteko. Azken edizinoetan legez, Barakaldoko BEC erakustazokeak hartuko dau saioa. Bertan batu dira zortzi finalistak, Bertsozale Alkarteko arduradunak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao, finalaren aurreko egunetako sensazinoen barri emoteko asmoz.
Iñaki Murua Bertsozale Alkarteko lehendakariaren arabera, pozik dagoz txapelketa honek eragin dauen ilusinoagaitik eta bertsogintzeari emon deutsan astinduagaitik. Finalaren zenbakiak ikustea besterik ez dago, txapelketeak euskal kultureari egiten deutsan ekarpena ulertzeko: 14.000 sarrera ipini zituen salgai eta egun gitxian agortu ziran, 450 boluntario ibiliko dira jenteari laguntzen, dozenaka kazetari eta aditu batuko dira harmailetan eta atzerritik be, ehun gonbidatu inguru datoz, beste inprobisazino molde batzuen ordezkari.
Bertsolaritzearen une gorena da finala, baina izozmendiaren puntea baino ez da, adierazo dau Lorea Bilbaok, urte osoan bertsolaritzea zabaltzeko egiten dan lana gogoan. Bertsoa euskal kulturearen ezaugarri nagusia da, gizarteak estimatu eta konsumidu egiten dauen jarduerea da, ze hori be behar dau euskal kultureak. Muruak dino euskereari ekarpen positiboa egiten ahalegintzen dirala.
Aurtengo finalisten artean, bakarra da barria, ganerako zazpirek badakie zer dan BECen abestea. Unai Agirre da lehenengoz parte hartuko dauena baina, gaurko agerraldian gogoratu dauenez, zortziren arteko zaharrena be bada. Helburu lausoenak daukazana neu naz beharbada, niretzat hemen egotea saria da dagoeneko, adierazo dau hernaniarrak, baina beste kolore bat hartuko leuke sari horrek, domekan saio dotorea egin ezkero.
Amets Arzallus gaur egungo txapelduna, ostera, lasai heldu da finalaren aurreko egunetara. Ilusioa eta gogo ikaragarria daukat, finalera ahalik eta hanka onenakaz heldu nahi dot. Maialen Lujanbio 2009ko txapeldunak, ostera, onartu dau finala luzea izaten dala eta aldarte aldaketak ohikoak dirala ariketa batetik bestera: Ahalegin emozionala eskatzen dau. Argitasuna, zorroztasuna eta ideak euki daiguzala, horixe eskatzen dau.
Aitor Mendiluze finalaurreko ederrak eginda helduko da finalera. Eroso egon naz orain arte oholtzan eta finala hortik planteau nahi dot, saio gozagarria izan daiten, dino andoaindarrak. Sustrai Colinak, bere aldetik, adierazo dau motibazinoaren, ohorearen eta ardurearen arteko nahasketea eragiten deutsala finalak.
Aitor Sarriegik dino orain arte eroso ikusi dauela bere burua, eta helburua garbi dauka: Danok amestu dogu inoz saio biribil bat, ba ia domekan beteten dan. Beñat Gaztelumendik, finalista gazteenak, bigarren finala izango dau domekakoa eta tensino puntua nabaritu dauen arren, gogotsu dagoala dino: Gaiei ahalik eta ikuspegi diferenteenetik heltzen ahaleginduko naz.
Igor Elortza izango da oholtzako bertsolari bizkaitar bakarra oraingoan eta, azaldu dauenez, aukera handia ez eze, erantzunkizuna be badaukie zortzi finalistek. Zortzi bertsolari gara, bakotxa bere egiteko moduagaz. Finalera heldu ez diran bertsolariak gogoan izan ditu Elortzak, batzuek irakaspenen bat emon deuskue.
Goiz eta arratsaldeko saioa izango da domekakoa. Amaieran, Sebastian Lizasok jantziko deutso txapela irabazleari. Sebastianek bertsolaritzeari egindako ekarpenaen autorpena izatea nahi dogu, azaldu dau Muruak. Lizaso bertsolarien semea eta aita da, txapelketetan arrakasta handia batutakoa, baina lehiatik erretirau zanean be gogotsu segidu dauena plazarik plaza. Euskal Herriko txapeldun izan zan 1986an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!