Berbaguneak mila lagun batuko ditu eguenean Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2017-12-12 09:40   Euskerea berbagai

Euskeraz berba egin nahi dabenen topagune izango da Bilbo.

Berbagunearen aurkezpena, Azkuna Zentroan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskeraz ondo dakienak zein ikasten egon arren praktiketako gogoz dagozanak, danak izango dira ondoetorriak Bilboko Berbagunearen 6. edizinoan, eguenean, hilaren 14an. Aurreko aldietan legez, Azkuna Zentroan jarri dabe hitzordua, goizeko 09:30etik arratsaldeko 19:30ak arte. Euskerea euskeraz partekatzea leloa aukeratu dabe, horixe dalako, hain zuzen be, Berbagunearen asmoa: Bakotxak dakien euskerea erabiltea eta beste herritarrakaz partekatzea, Bilbo elebidunago bat eregiteko bidean.

Mahaiaren inguruan alkartuta, gaurkotasunezko gaien inguruan berba egingo dabe parte-hartzaileek, txandaka berbalagunak aldatuta. Orduei jagokenez, egunean zehar lau txanda egongo dira eta, guztira, mila lagun ingururentzako lekua dago. Edozein herritarrek izena emon leike (94 416 24 72 telefono zenbakian), batez be, 12:30etako eta 18:00etako txandetan.

Herritarrek doban parte hartu leikie, baina antolatzaileek gogoratu eragin dabe beharrezkoa dala aurretik izena emotea. Lekuen kopurua mugatua da.

Euskaltegietako ikasleek, DBH zein Batxilergoko neska-mutilek eta gizarteko persona ezagunek be parte hartuko dabe, izan be, ekonomiaren, kirolaren, kulturearen eta politikearen alorrean dabizanak konbidau ditue. Herritarrakaz batera egongo dira mahaietan eta, holan, jarduerea interesgarriagoa izatea da asmoa.

Mahai bakotxean moderatzaile bat egongo da, gaiak azaldu eta eztabaidea bideratzeko. Parte-hartzaileek, ganera, triptiko baten irakurri ahal izango ditue argibide gehiago, baita landuko diran gaien inguruko datuak be. Asmoa da gaiak modu patxadatsu eta atseginean lantzea, eta, jakina, euskeraz.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak antolatu dabe 6. Berbagunea, euskerea kalera ateratzeko eta alor guztietan euskerearen erabilerea bultzatzeko helburuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu