Marias anaiak, 2017ko Eztabaidak Literatureagaz biribiltzeko

Bizkaie! 2017-12-11 13:17   Kulturea

Berbaldia emongo dabe bihar, martitzena, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Literaturearen munduko figurak publikoari hurreratzeko ahaleginean, Eztabaidak Literatureagaz ekimena martxan dauka 2007tik Bilboko Bidebarrieta liburutegiak. Aurtengo programazinoa bihar, martitzena, amaituko da, Fernando eta Luis Marías idazle bilbotarrek emongo daben berbaldiagaz. Iñaki Esteban kazetaria moderatzaile dala, zinemaz eta literaturaz berba egingo dabe.

Fernando Marías, anaia nagusia, idazlea da eta Luis, ostera, zinemagilea. Bien ibilbideek gidoigintzearen alorrean bat egiten dabe. Horregaitik, gonbidatu aproposak dira zinemearen eta literaturearen arteko hartu-emonak aztertzeko. Ganera, euren sorkuntzea hurragotik ezagutzeko aukerea emongo dau barriketaldiak.

Luis Marías Bilbon jaio zen 1962an. Informazino Zientzietan lizentziadu zan EHUn eta Creativideo produkzino-etxea sortu eban Enrique Urbizu, Joaquín Trincado eta Ana Murugarren kideakaz. Tu novia está loca endredozko komedia arrakastatsua izan zan euren lehenengo lana, Todo por la pasta eta Sálvate si puedes lanen gidoiak etorri ziran gero.

1996tik aurrera, Luis Marías beste batzuentzat gidoiak idazten hasi zan, Rafael Monleón, Eva Lesmes, Eduardo Campoy, Mariano Barroso edo Salvador García Ruiz zinemagileentzat, besteak beste. 1998an Gidoi Onenaren Goya Saria emon eutsien. 2001ean zuzendari hasi zan, X thrillerrean. Ondoren, Gernika bajo las bombas (2012) telebistarako serie laburra eta Fuego (2014) thriller psikologikoa egin zituan. Telesailetako ataletako gidoiak be idatzi izan ditu Luis Maríasek.

Fernando Marías (Bilbo, 1958) Madrilera joan zan Zinematografia ikasten, eta orduan idatzi zituan telebistarako lehenengo gidoiak. La luz prodigiosa lehenengo elebarria 1990ean argitaratu eban. Hurrengo urtean Ciudad de Barbastro Saria irabazi, eta horrek idazten jarraitzera animau eban. Beste sari literario asko emon deutsiez harrezkero: Nadal Saria (2001), Ateneo de Sevilla (2005), Narratibako Dulce Chacón Saria (2005) eta Ume eta Gazte Literaturako Sari Nazionala (2006). Zinemarako idatzi dituan gidoien artean, El segundo nombre (2001) eta La luz prodigiosa (2002) dagoz. Azken horri esker Goya Sarietako izentau eben.

Eztabaidak Literatureagaz zikloko saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da. Sartzea libre da, leku guztiak bete arte. Ganera, streaming bidez emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu