Gazte sortzaileen topaleku izango da Ahots Baten egonaldia

Bizkaie! 2017-12-11 11:56   Kulturea

Abenduaren 26tik 30era Zestoan batuko dira.

Argazkia: Mintzola | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urteetako erantzun ona ikusita, aurtengo Gabonetan barriro antolatu dau Mintzolak Ahots Baten sormen egonaldia, hirugarrenez. Bertsolaritzan eta beste adierazpide kultural batzuetan dabizan gaztetxuentzako deialdia da Ahots Baten. Hamabost eta 21 urte bitarteko 42 neska-mutilek parte hartuko dabe aurten.

Euskal Herri guztiko gazte sortzaileen topaleku izango da, beraz, Zestoako Sastarrain baserri eskolea. Parte-hartzaileen artean bertsolaritzea, antzerkia, kantua, literaturea eta abar lantzen dabenak dagoz. Egonaldiko egun bakotxean disziplina bat jorratuko dabe, ibilbide luzea egin daben profesionalen laguntzinoagaz. Aurten, bost sortzaile konbidauko ditue horretarako: Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak, Eneko Sagardoy aktorea, Ines Osinaga musikaria eta Eider Rodriguez idazlea.

Konbidaduak, beraz, azkenaldion zeresana emon daben sortzaileak dira: Artetxe eta Agirre Bertsolari Txapelketa Nagusian ibili dira eta, azken horrek finalean kantauko dau, ganera. Eneko Sagardoy Handia pelikula arrakastatsuko aktore nagusia da eta Eider Rodriguezek Bihotz Handiegia liburua plazaratu barri dau. Ines Osinaga Gose taldean egin zan ezagun.

Ahots Baten egonaldiak Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen ditu, euskal sortzaile gazteak batu eta euren gaitasunei bultzadea emoteko asmoz. Ikastolen Alkarteak, Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteak, Euskal Kantuzale Alkarteak eta ipuingintzako aditu ugarik be laguntzen deutsie egitasmoari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu