Benetan Be eta Rubik konpainien lanak aukeratu ditue Zubin
2017-12-11 13:45 KultureaEuskal antzerki sortzaile eta taldeei laguntzeko egitasmoa da.
Zubi egitasmoaren laugarren edizinoa, urriaren 21ean zabaldu eta zemendiaren 30ean itxi eben. Tarte horretan, Euskal Herri osoko 16 proposamen jaso ditue antolatzaileek, inoz baino gehiago. Hainbeste lan interesgarriren artean, benetan gatxa izan da aukeraketea. Horregaitik, bat aukeratu beharrean, antzezlan biri bultzadea emoteko erabagia hartu dabe aurten. Benetan Be antzerki taldearen Inondik Inora eta Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak dira horreek biak. Gure filosofiagaz bat datozelako, proiektu osoak diralako, daben egingarritasunagaitik eta batez be, interesgarriak eta erakargarriak diralako, aukeratu ditue.
Zubiren bultzadea, aholkularitza artistiko eta administratiboan, produkzinorako diru ekarpenean eta areto bakotxeko emonaldi baten kontratazinoan gauzatuko da. Izan be, izenak berak dakar egitasmoaren helburua: Zubi, euskerazko antzerki sorkuntzeari laguntzinoa emotea, konpainien eta programatzaileen lana bateratu eta bultzatzeko zubia eginez.
Orain dala urte batzuk jaio zan proiektu hau, Euskal Antzerkiaren Sorkuntza Barriari Laguntzen lemapean. Lehenengo deialdian, Dxusturi Teatroaren Konpota antzezlana babestu eben, Lauka Teatroaren Amodioaren Ziega ondoren, eta oraindino herririk herri dabilen Beheko Larraineren Atte Hil Aurretik azkenik.
Laugarren edizino hau indarbarrituta datorrela iragarri dabe antolatzaileak, izan be, Durangoko San Agustin Kulturguneari, Kultur Leioari, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoari, Zornotza Aretoari, Elorrioko Arriola Antzokiari, Zumaiako Aita Mari Antzokiari eta Artedramari, Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunea eta Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibea batu jakez bide honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!