IV. Loraldia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2017-12-11 07:55   Kulturea

Martiaren 5etik 26ra ospatuko dabe jaialdia Bilbon.

Agurtzane Intxaurraga eta Imanol Agirre Loraldiaren aurkezpenean (Argazkia: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

2018ko Loraldia indartsua izango dala iragarri dabe antolatzaileek, izan be, aurreko edizinoetako proposamen maileari eutsi eta ekimen barriak plazaratzea sano gatxa da. Halan da be, Loraldia Alkarteak eutsi egin deutso eta prest dauka udabarrian ospatuko daben jaialdiaren egitaraua.

Imanol Agirrek, Loraldia Festibalaren zuzendari artistikoak, hurrengo edizinoaren mugarri nagusiak aurkeztu ditu Durangoko azokan. Hika Teatroa antzerki taldearen zuzendari Agurtzane Intxaurragak publikoaren aurrean egin deutson alkarrizketan, Loraldia Kultura Alkartearen estrategia eta Festibalaren edizino barriaren gakoak azaldu ditu:

Laugarren edizino honetan, hainbat protagonista izango dira eta kultura sormen bereziak plazaratuko dira, mueta askotarikoak, ganera: barriro be Antton Abbadia berbiztuko dabela dino Agirrek, oraingoan Txomin Heguyren bitartez; Ruper Ordorikaren kantuak azukera koxkor bihurtuko ditue euskal musikearen unibersoko hainbat izarrek; Kukai jantza konpainiak Oteizaren lanaren ganeko koreografia berezia eta bakarra antzeztuko dau; Imanolen kantuak jazz estiloan entzuteko aukerea egongo da; Izaro kantariak lan barria aurkeztuko dau; Mursego eta Amorante maitale bihurtuko dira; Mikel Martinez aktoreak bere tabernariaren bigarren izakereari eutsiz, kaña bat ondo botaten erakutsiko deutso publikoari; Mireia Gabilondok, Silvia Plathen testua hartuta, amatasunaren ganeko hiru emakumeren bizipenak taularatuko ditu; beste hainbat musikarik Estitxu kantariari omenaldia egingo deutsie; testua, musikea eta bertsoak batuko ditue… Holan, 23 ekitaldi batzen dituan egitaraua osotu arte.

Loraldia Kultur Alkarteak, bestalde, produkzino propioak sortzeko konpromisoari eutsiz, orain be estreinaldi bereziak aurkeztuko ditu eta Loraldia Eskolearen uztearen zati bat ikusteko aukerea be egongo da. Proposamen bi taularatuko ditue: Gernikako bonbardaketearen ganeko pastolara, San Fidel Ikastolako ikasleen eskutik; eta Lauro Ikastolako 7 kantu, 7 lur, 7 kontu ikuskizuna. Honegaz batera, Bilbronx-eko edizino barria ospatuko da, sormen mueta barriei aukerea emoteko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu