Ereduak apurtzeko gogoz joan da Gaztezulo Durangoko Azokara

Bizkaie! 2017-12-10 12:35   Kulturea

Euskal mitologiaren ikuspegi barria dakarren Lami komikia da nobedade nagusia.

Zuriñe Maguregi eta Gaizka Izagirre, Gaztezuloren erakusmahaian | Ikusi handiago | Argazki originala

Ezarritako bidetik urteteko asmoz joan da aurten Gaztezulo aldizkaria Durangora. Horren erakusgarri dira Landako guneko erakusmahaira eroan dituen hainbat produktu. Esate baterako, labetik atera barri, Lami komikia aurkeztu dabe Azokan. Mikel Anterok marraztutako istorio horretan, euskal mitologiako ohiko pertsonaien gorabeherak agiri dira, baina buelta bat emon deutsiela dino Zuriñe Maguregi aldizkariko zuzendariak.

Era horretara, Tartaloren anaia gaztea da protagonistea, begetarianoa izateagaitik herritik bota daben mutil sentikorra. Bere bidean, ulea behin eta barriro orrazteaz kantsauta dagoan lamia bategaz topo egingo dau. Abentura barriei ekiteko prest dagoz biak eta, Maguregik azaldu dauenez, laster ale gehiago plazaratuko ditue, seriea egiteko asmoz. Horregaitik, aurkeztu barri daben lehenengo komiki honi Lami, bidaiaren hasiera izenburua emon deutsie.

Ereduak apurtzeko ahalegin horretan, Gaztezulo aldizkariaren zenbaki barria be aitatzekoa da. Izan be, 17 urteko ibilbidean Gaztezulok plazaratu dituan artikulu transgresoreenak batu ditue. Aldizkaria betidanik mugak apurtzen ahalegindu da, gazteen intereseko gaien bila. Esaterako, ale berezi horretan topau leitekez orain dala urte batzuk mongiei buruz ateratako aholkuak, edo poliziak drogea aldean harrapau ezkero zer egin jakiteko argibideak.

Duda barik, harridurea sortzen daben gaiak dira, baina artikulu horreek guztiak benetan argitaratu izan ditue 17 urteotako aleetan. Gaur egun ez dakit horreetako batzuk argitaratzera ausartuko ginatekeen be, dino Maguregik, beharbada ez dogu aurrera egin, atzera baino.

Ganera, Gaztezuloren harpidetzea egiteko aukerea be emoten dabe euren erakusmahaian. Modalidade bi dagoz aukeran, modu berezian azalduak: Natibo digitalei eskainitakoa da bat, hau da, aldizkaria interneten irakurtzeko modua emoten dauena, urtean 11 euroren truke. Bestetik, nostalgikoen aukerea dago, papelezko aleak jaso nahi dituenentzat, hori 22 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu