Oscar Elgezabalen biografia idatzi dau Pedro Mari Goikoetxeak
2017-12-10 10:15 KultureaTxirrindularia ez eze, herri-ekimenen bultzatzaile izan da Elgezabal muxikarra.
Pedro Mari Goikoetxea kazetariak ordu ugari pasau ditu Oscar Elgezabalegaz, eta batutako material hori oinarri hartuta, muxikarraren biografia batzen dauen liburua plazaratu dau. Pedro Arrutiren laguntasuna izan dau Goikoetxeak proiektu honetan. Argitalpena Labayru Fundazinoarena da, Muxikako Udala babesle dala.
Muxikan egindako aurkezpenean, besteak beste, Oscar Elgezabal eta Pedro Mari Goikoetxea egon dira. Bizi betea dauka, gizon onaren entzuteaz batera, holan emon dabe Elgezabalen barri ekitaldi horretan. Gaztetan txirrindularia izan zan eta, ondoren, enpresa-gizon, futbol bultzatzaile, nagusien alkartearen arduradun eta abar izan da. Liburuan horreek bizipen guztiak agiri dira, ahozko estilo biziaren oihartzuna daukan testu arin baina mamintsuan.
Familiaren jatorritik hasita, umetako kontuak, gaztetakoak eta beharrekoak aitatzen dira liburuan, guztiz atsegin esanda, Labayruren arabera. Horri gehitu behar jako hainbat eta hainbat argazkigaz jantzita datorrela liburua.
Muxikan liburua aurkeztu eta gero, eskuragarri dago Durangoko Azokan zein Labayruren bidez. Pedro Mari Goikoetxea egilea, hain zuzen, Fundazinoaren erakusmahaian aleak sinatzen ibili da egunotan Landako gunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!