Bertso musikatuen diskoa atera dabe Potx eta Lotx pailazoek

Bizkaie! 2017-12-09 12:04   Bertsolaritzea

Oñatiko bertso eskolakoen berbak dakarz Herriko festetan lanak.

Potx eta Lotx, Durangoko Azokan (argazkia: Lanku) | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikearen mundutik dator Josu Zubia, eta antzerkigintzea landu dau Itziar Arkauzek. Eurak dira Potx eta Lotx pailazoak, familia guztiarentzako entretenimendua bilatzen dauen bikotea. Lankuren eskutik, lehenengo diskoa aurkeztu dabe Durangoko Azokan, Herriko festetan izenekoa.

Hamabi abesti dagoz lan barrian. Oñatiko Txinparta bertso eskolako kideek idatzi ditue berbak, eta Zubia arduratu da musikea ipinteaz. Batez be, natureagaz lotutako baloreak bultzatzea eta alaitasuna emotea dira diskoaren helburuak, Lankuko Marta Agirrezabalak azaldu deuskunez. Umeei begirako diskoa da, baina helduentzat be bada, clown-en bidez gai sakonagoak lantzeko bidea errazten dau eta. Familia guztiarentzako produktua da hau, beraz, Agirrezabalaren esanetan.

Diskoagaz batera, ordu eta erdi inguruko ikuskizuna atondu dabe Potx eta Lotxek. Abenduren 28an estreinauko dabe euren jaioterrian, Oñatin. Ondoren, Euskal Herri guztitik ibilteko asmoa daukie. Danel Terán eta Ander Murilloren laguntzinoa izango dabe oholtzan. Diskoko abestiakaz batera, antzerkia, magia eta abar buztartuko ditue.

Txinparta bertso eskolakoen eskariz sartu da Lanku proiektu honetan. Marta Agirrezabalak dinoanez, bertso saioak ez eze, bestelako zuzeneko ikuskizunak be bultzatzen ditue eurek. Hiru baldintza bete behar ditue Lankuren babesa eskatzen daben proiektuek: Euskerea ondo jagotea, baloreak transmitidutea eta, zelan ez, bertsolaritzeagaz zelanbaiteko loturea izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu