Arratzuko herri-ondarea batzen ibili da Labayru

Bizkaie! 2017-12-09 10:31   Kulturea

Bost barri-emoleren lekukotzak grabau eta bideo baten plazaratu ditue.

Arratzun egindako ekitaldia (argazkia: Labayru Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko ahozko ondarea batzeko ahaleginean, Arratzu aldean ibili dira azkenaldion Labayru Fundazinoko adituak. Horren emoitzea publiko guztiarentzat eskuragarri dago dagoeneko Herri Ondarea webgunean eta, ganera, Arratzun bertan material hori aurkezteko ekitaldia egin eben Euskerearen Egunaren bezperan. Han izan ziran, Fundazinoaren izenean, Adolfo Arejita eta Igone Etxebarria, Udaleko Izaskun Urkiagagaz batera.

Arratzuko bost barri-emoleri grabazinoak egin deutsez Labayrukoek, eta hortik 50 bideo-txatal aukeratu ditue Herri Ondarea webgunerako. Bost persona horreek kontalari itzelak suertau jakuz, herriko eta euren bizitzako hainbat kontu bizi-bizi azaldu deuskuez, euskera ugari-aberatsa erabiliz, azpimarratu dabe Fundazinoko kideek. Emoitza zoragarria da, eta interesgarria guztiz atzetik datozan belaunaldientzat.

Proiektuaren helburu nagusia, Arratzu inguruko azpieuskalkiaren zabalkundea eta bizimodu tradizionala ikertzea eta ulertuarazotea izan da, belaunaldi barriakaz zubiak eregiteko asmoz.

Euskerearen Egunaren harira egindako ekitaldian lekukoen grabazinoakaz egindako dokumentala proiektau eben eta bertaratutako guztiei oroigarri bana emon eutsien. Ikusi bideoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu