Etxeparek Europako Kultura Foroan parte hartuko dau
2017-12-07 11:58 Kulturea2018ko Kulturarako Europar Agenda barriaren lan ildoen oinarriak jorratuko dira.
Etxepare Euskal institutuak Europako Kultura Foroan parte hartuko dau gaur eta bihar, Milanen, Eusko Jaurlaritzearen ordezkari moduan. Europako Batzordeak bi urtero atontzen dauen erreferentziazko topaketan, kontinente honetako kultura eta sormen industrien alorreko eragile nagusiak batzen dira Europar Batasunaren politikea eta egitasmoak eztabaidatu, Europa mailako kultura lankidetzea estutu eta kultura diplomazian sakontzeko.
Batzordeak konbidauta, osoko bilkuran berbea hartuko dauen eskualde europar bakarra da Euskal Herria. Bertan, EBk kulturearen alorrean dituan erronkei aurre egiteko eskualde eta nazionalidadeen ekarpena defendiduko dau. Europako eskualdeen ordezkari moduan eta RICC (Regional Inititative for Culture and Creativity) europar sareko lider moduan berba egingo dau foroan. 2018. urtean aurkeztuko dan Kulturarako Europar Agenda barrian txertatuko diran lan-ildoen oinarriak landuko ditue bilkura horretan.
Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izango da topaketan parte hartuko dauen euskal ordezkaria. Epe ertain eta luzera, Europan kulturearen dimensino estrategikoa eta sormenaren ahalmena garatzeko eskualde europarrak funtsezko eragile moduan kokatutako narratiba barriaren alde egingo dau bertan.
Larrazak nabarmenduko dau eskualdeek Europako kultura estrategiei eta espezializazino adimentsurako politikei emoten deutsien balio erantsia eta diplomazia kulturalaren eta kultura lankidetzearen alorrean egiten daben ekarpena.
Honegaz batera, kultura eta hizkuntza ez hegemonikoek europarrok konpartidutako ondareari egiten deutsien ekarpena balioetsi eta kultura aniztasuna Europar Batasunaren lehentasun moduan kokatzearen beharra azpimarratuko dau, baita agintairei bide horretan sakontzeko eskatu be.
Kultureak alkartasuna sustatzeko, alkar ulertzeko eta gatazkak gainditzeko dauen ahalmenaz be egingo dabe berba.
Azkenik, kultureak eta sormenak lurralde garapenean izan leikien garrantzia nabarmendu eta Creadis3 – Smart Specialisatio Creative Districts proiektua azalduko dau. Egitasmo honen helburua da lurraldeetako politika publikoen agendak koordinau eta kultura eta sormen industrien (KSI) alorrean barrikuntza eta garapen ekonomikoa bideratuko dauen ekosistema lagungarri bat sortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!