Euskal Wikipediarako, sortzaileen argazkiak batzen dabiz Durangon

Bizkaie! 2017-12-07 10:51   Euskerea berbagai

Landakon, Kabi@-aren alboan, photocall gunea ipini dabe wikilariek eta Azkue Fundazinoak.

Iurdana Acasuso eta Jon, photocall-aren gunean | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokan, bost egunez, Euskal Herri guztiko sortzaileak batuko diranez, Wikipediaren argazki-bildumea loditzeko egitasmoa martxan ipintea otu jake Euskal Wikilarien Kultura Alkarteari eta Azkue Fundazinoari. Euskal kulturearen alorrean sorkuntzan dabizanei dei egin deutsie photocall-ean parte hartu deien: Musikari, idazle, bertsolari eta bestelakoek parte hartu leikie.

Era horretara, Kabi@ guneren ondoan jarritako photocall-era joan eta argazkia ateratzea besterik ez dabe egin behar sortzaileek. Ekimenaren lehenengo egunean, esate baterako, Alex Sardui, Zuriñe Hidalgo, Iñigito Txapelpunk eta beste asko hurreratu ziran. Keinu erraza da, ez dau denpora askorik hartzen, nabarmendu dau Azkueko Iurdana Acasusok. Gerediaga alkartearen bidez, argitaletxe, diskoetxe eta erakusmahai guztietara zabaldu dabe konbita

Photocall berezi horren helburua, funtsean, Wikipedia edukiz hornidutea da, batez be argazkiz. Wikipediak argazkiak behar ditu, azaldu dau Acasusok. Izan be, wikilariek artikulu bat idatzi eta, batzuetan, faltan izaten ditue berau osotuteko argazkiak. Hutsune hori beteteko modu bat da Durangoko Azokako Wiki Photocall-a.

Azokearen ostean, batutako argazki guztiak Wikimedia Commons  biltegian gordeko ditue, wikipedian erabili ahal izateko. Holan, euskerazko Wikipedian argazkia atera dabenen artikulua sortu ahal izango dabe. Esan behar da, libre partekatzeko argazkiak izango dirala (Wikipediako guztien moduan), eta beraz, edonork erabili ahal izango dituala, wikilariez gan.

Durangoko Azokea plaza egokia da honetarako, hainbat sortzaile pasauko dira hemendik bost egunotan, adierazo dau Acasusok. Ganera, sortzaile ez diran ganerako herritarrei be arretea emoten deutsie photocall-aren alboan. Jon eta Ane dabiz hurreratzen diran guztiei euskal wikipediaren inguruko argibideak emoten. Bide batez, bihar, abenduaren 8an, Kabi@a-n antolatu daben Wikipedia Egunerako proposamena egiten deutsie bisitariei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu