Gau Edegia ospatuko dabe Bilbon

Bizkaie! 2017-12-07 10:31   Kulturea

San Frantzizko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak kulturaz beteko ditue abenduaren 16an.

Sarean alkarteak atontzen dau urtero Gau Edegia Bilboko hiru auzo hreetan. Aurten abenduaren 16an, zapatuan, egingo dabe eta bertan, hainbat disziplinetako ehun ekimen baino gehiago izango dira doban: kontzertuak, antzezkizunak, tailerrak, erakusketak, performance-ak, kaleko artea eta aktibismoa…

Sareanek Gau Edegia atontzen daben ekitaldirik azpimarragarriena dala dino eta bertan mueta guztietako talde eta norbanakoek parte hartzeko aukerea izaten dabe, euren ekintzak jenteari aurkeztuz edo besteenakaz gozauta. Aurtengoa seigarren edizinoa da.

Ekimenak hainbat helburu ditu: Artistek eta agente lokalek eginiko lana sustatzea, modu transbersalean genero bardintasuna sustatzea, bertako biztanleek eta taldeek ekintzearen diseinuan parte-hartzea, inguruaren ezagutzearen eta zaintzearen ganean hausnartzea, Kultura eta belaunaldi desbardinetako personen arteko topaketak bultzatzea eta auzoetako identidade eta kulturak plazaratzea, euskerea ondaretzat hartuz.

Aurten, auzoetan urtean zehar egiten diran hainbat ekintzei ikusgarritasun maila handiago bat emon nahi deutsie eta horren harira, edizino honetan, ekintzak eta prozesuak bereiztuko ditue.

Antolatzaileek aitatu dabenez, abenduaren 16ko gauean bisitetako guneak aurretik pentsau leikez bisitariak egitarauari erreparauta edo, besterik barik, jentea hiru auzo honeetako kaleetan zehar galdu daiteke Gau Edegian inoiz baino biziago egongo diran gune bereziak deskubriduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu