Aitzol Barandiaran: ‘Balak botaten doguz, baina geure espilurantz’

Ainhoa Lores 2017-12-11 08:00   Barriketan

Musikaria, bertsolaria eta kazetaria.

Zirikatzaileak dira Bi Balako kideak eta sortzen daben abestietan agirian ixten dabe beti euren izakerea. Errealidadeari begirada zorrotza bialtzen deutso laukoteak, baina umorea ardatz hartuta. Urte bi emon ditue Gure Eroyak diskoa kaleratu eta Arazo modernoak plazaratu daben arte, tartean, kontzertuak emoten ibili dira, baita Japonian be.

Bi Balakoek bertso-rock estilo deigarriaren erreferentea dala dinoe, izan be, osogai biak modu berezian alkartzen ditu taldeak. Iñaki Gurrutxaga (gitarra) eta Aitzol Barandiaran (ahotsa) bertsolariez gan, Xabier Etxeberria Pitxu (baxua) eta Julen Goikoetxea (bateria) musikariek osotuten dabe taldea. Ataungo abeslariagaz Arazo modernoak diskoaren ganean berbetan egon gara eta berak emon deuskuz argibide gehiago lan barriaren ganean.


1.- Urte bi dira Gure Eroyak diskoa argitaratu zenduenetik. Musikeari jagokonez, zelan bizi izan dozue orain arteko denpora tarte hau?

Intensidade eta gogo ikaragarriz. Harrituta be bai, disko bietako birak batuta, 100 kontzertutik gora emon doguzalako oso denpora epe laburrean. Hasi ginanean ez genduan erraz sinistuko holakorik.

 

2.- Diskoari eta kantu bati be izen bera jarri deutsazue, Arazo modernoak. Danon kezkak dira honeek, gureak eta uste dot zuenak be bai. Aukerarik dago azaleko buruhauste honeen atzaparretatik askatzeko?

Azalari garrantzi gehiegi emoten deutson gizarte bateko kide garen aldetik, arazo modernotan itoten gara geu be. Oso gatxa da horreetatik iges egitea, baina geure buruari barre egiten ikastea sendagai ona izan leiteke. Guk ez dogu konponbide modernorik, baina atzamarra begian sartzeko gogo handia bai.

 

3.- Sortuten dozuezan abestiek autokritikea egiteko balio deutsuela dinozue. Kantuetan agertu daitekezan protagonista guzti horreek zenbat edo zer dabe zuetaz?

Asko. Ia kasu gehienetan autokritikea da gure berben oinarria. Zeure burua kritiketako edo kritikak onartuteko gauza ez bazara, ez daukazu sinisgarritasunik besteak seinaletako. Balak botaten doguz, baina geure espilurantz.

 

4.- Errealidadeari begirada zorrotz bategaz erreparau izan deutsazue beti, disko barrian be, zeuen estiloari eutsi deutsazue, ez zarie inogaz ezkonduten, egurra han eta hemen banatuten dozue, inor ez dago salbu zeuen baletatik. Zer da eragin nahi dozuena jenteagan?

Ez daukagu inogan ezer eragiteko helbururik, ez ezkonduten hasita, ez garelako ezkonduten ezta jenteagaz be. Orokorrean (musikan, politikan, koadrilan...) aspertu egiten gaitu betiko lelo eta diskursoak entzuteak. Modu horretan, erosotasunean ez jaustea da gure helburua, eta zer esanik ez dogun egunean, oholtzatik jatsi eta ez gara bueltauko.

 

5.- Umorea eta ironia dira taldearen osogai nagusietako bi. Berezkoak dozuez elementu honeek?

Umorea sano erabilgarria da tabuak edo gai mingarriak mahai ganean jarteko, eta errazago sartuten da atzamarra zaurian irribarre bategaz baldin bada. Ez daiala jenteak gure umorea serioegi hartu!

 

6.- Bertsoen bidez rock estilo bati berbak jarten deutsazuez. Biek daukie indarra zeuen kantuetan, baina piezak sortzerako orduan, zer dator lehenengo?

Batzuetan berbak, eta besteetan doinuak. Kantuak sortzeko prozesuak edozein gauza izan leike abiapuntu: berba bat, riff bat, estribillo bat, … Ez daukagu kantuak sortzeko modu zehatzat, idea bati tiraka hasten gara, noraino helduko garen jakin barik.

 

7.- Zelan aukeratuten dozuez gaiak?

Kantuak egiten doguzan moduan. Gitxien uste dozunean: solasaldi baten, egunkaria irakurriz, komunean… bonbillea biztuten jatzu, eta hori da berbak idazteko atxakia. Abiapuntua lauron artean adosten dogu, eta gero berbek bide propioa egiten dabe.

 

8.- Zuen hiru diskoak Bonberenean grabau dozuez. Zer emoten deutsue Bonbereneak diskoetxe arrunt bategaz alderatuta?

Konfidantzea, erosotasuna eta kalidadea. Azken aldian, gure bigarren etxea da Tolosako Bonberenea Gaztetxea. Bertan dogu entsegu lokala, bertan ikusten doguz talde askoren kontzertuak, bertan grabau dogu diskoa… Babesten gaituen inguru bat topau dogu bertan. Ez dakit hori beste diskoetxetan holan izaten dan.

 

9.- Zuzenekoei jagokenez, hasieran bertsozalez beteten zenduezan aretoak. Esangura horretan, zelako garapena izan dau taldeak?

Deigarria da oholtza ganetik antzemon dogun aldaketea. Lehen kontzertuetara bertsozale gehiago inguratzen ziran, musikea entzutera etozanak baino; denporeagaz balantzea orekatzen, eta akaso beste aldera iraultzen joan dala esango neuke.

 

10.- Gure eroyak diskoko Kontraesanak abestia aitatu nahiko neuskizue, Japoniatik birea egin zenduen, baina Bizkaia, aldiz, gitxi zapaldu zenduela esango neuke, orain Arazo modernoak labetik atera barri dozuela, Bi bala zuzenean entzuteko aukerarik egongo da inguru honetan?

Kontzertu gehiago emon doguz Japonian Bizkaian baino! Kontraesan polita da. Ez da erraza Bizkaiko musika eszenan muturra sartzea, baina badaukagu esperantzea lan barria aurkezteko aukerak sortuko dirala.

 
11.- Aitatu moduan, Japonian egin zenduen kontzertu birea pasa dan urtean,  Gure Eroyak diskoa kaleratu eta gitxira. Zelako esperientzia izan zan?

Musikeari jagokonez, esperientzia bikaina izan zan, eta gastronomiari jagokonez askoz hobea! Bizian behin pasetan da Japoniarako hegazkina eta bi aldiz pentsau barik aprobetxau genduan aukerea. Talde modura, bidaia ahaztezina izan zan.

 

12.- Orain disko barria kalean, beste holako bira bat egiteko asmorik dozue?

Batek daki… Japoniara joan aurretik, Alemanian barrena be egin genduan beste bira txiki bat, eta buruan badarabiguz beste idea batzuk.

 

13.- Bonberenea Gaztetxean emon zenduen aurkezpen kontzertua. Zelako harrerea izan eban?

Oso ona. Birako lehen kontzertua arriskutsua izaten da, baina inguruko herrietatik lagun dezente etorri ziran eta estreinaldi ederra izan zan. Iruñean be izan dogu kantu barriak aurkezteko aukerea, eta han be harrera beroa egin euskuen. Konfidantza handia emoten deusku horrek segidan datozen kontzertuei begira.

 

14.- Ahotsenean be aurkeztu dozue disko barria, baina horrezaz gan, kontzertu gehiago lotuta dozuez, ezta?

Abenduaren 27an, Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan joko dogu eta 28an, barriz, Arrasateko Gaztetxean. Urtarriletik aurrera be bagabiz kontzertu batzuk lotuten.

Bestalde, disko fisikoa erosteko aukeraz gan, lehenengoz internetez doban deskargetako aukerea be badozue, gure kantuak ahalik eta gehien zabaldu daitezan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu