Eusko Ikaskuntzaren ENE Saria, Nevadako Euskal Ikasketen Zentroarentzat
2017-12-05 10:47 Euskerea berbagaiIkasketa-gune horren 50 urteko bidea txalotu dau epaimahai instituzionalak.
Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bueltan emoten dau Eusko Ikaskuntzak ENE Saria, urtero. Aurten, Estadu Batuetako erakunde baten ibilbidea nabarmentzea erabagi dabe, Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroarena, hain zuzen be. Mende erdian euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana saritzea izan da Eusko Ikaskuntzak erakundearen asmoa.
Instituzinoetako ordezkariek osotutako epaimahaiak honako arrazoiak emon ditu Nevadako Euskal Ikasketen Zentroa saritzeko: Lan ikaragarria egin dau, CBS euskal kulturearen sinboloetako bat da. Euskerearen dibulgazinoa beste era baten bultzatu dau, modu akademikoagoan, hain zuzen. Unibersidade arloko lana, zientifikoagoa. Mende erdiko ibilbide hau saritzea oso bidezkoa dala begitantzen jaku.
Euskal Herritik kanpo euskerearen eta euskal kulturearen alde lan egiten daben alkarte eta erakundeen lana azpimarratzea da ENE Sarien helburua. Aurreko urteetan Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Alkartea, Erromako Associazione Culturale Euskara, Alemaniako Gernika Deusch - Baskischer Kulturverein eta abar saritu ditue. Nestor Basterretxeak egindako eskulturea da ENE Saria irabazteagaitik Eusko Ikaskuntzak emoten dauen oroigarria.
Nevadako William A. Douglass Center For Basque Studies 1967an sortu eben, Basque Studies Program izenagaz, Reno urian. William A. Douglass antropologoa eta Jon Bilbao bibliografoa izan ziran bultzatzaile nagusiak. Euskal gaien inguruan Euskal Herritik kanpo dagoan liburutegirik oparoena da Nevadakoa: 30.000 liburu, 25.000 argazki eta abar. 1970etik euskera klaseak emoten ditue Euskal Ikasketen Zentroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!