Eskolarteko Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketea abian da Bilbon
2017-12-04 12:20 Euskerea berbagai2018ko urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak.
Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketearen 30. edizinoa izango da aurtengoa, Bilboko ikasleen artean ospe handia dauena; horregaitik, Udalak ekimenean parte hartzeko ipuinak aurkezteko epea zabaldu dau. Euskerazko ipuinen lehiaketa hau urian erroldatuta egon eta bertoko ikastetxeetan dabizan lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat da.
Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketeak euskerazko lehenengo gramatikearen egilearen izena dauka. 1998tik antolatzen da, euskerearen ezagutzea sustatzeko eta euskal literaturea eskola-umeen artean jorratzeko.
Holan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak euskeraz irakurri eta idazten jarri nahi ditue. Edadearen arabera, lau kategoriatan banatuko ditue parte-hartzaileak: A kategorian, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak; B kategorian, 5. eta 6. mailakoak; C kategorian, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailak; eta D kategorian, 3. eta 4. mailakoak. Hiru sari emongo ditue kategoria bakotxean.
Euskeraz idatzitako ipuinak eta horreei laguntzeko irudiak aurkeztu beharko ditue parte-hartzaileek, Bilboko Udalak zehaztu dauenez. Orri bi eta lau bitarteko testuak izan beharko dira, originalak eta aurretik argitaratu bakoak. Gaia librea da.
2018ko urtarrilaren 31ra arteko epea daukie gazteek lanak aurkezteko. Ipuin eta marrazki originalak koloretan eta kopia bat aurkeztu beharko ditue, Bilboko Udalaren Euskera Sailean. Informazino gehiago eta oinarriak hemen.
Epaimahaia literaturearen eta euskalgintzearen munduko zortzi kidek osotuko dabe: Luis Gutierrez, Igone Etxebarria, Pedro Alberdi, Txani Rodriguez, Lutxo Egia, Juan Ramon Madariaga, Irati Malasetxebarria, Irune Berro eta Goizalde Landabasok.
Ikastetxe parte-hartzaileen modura, epaimahaiko kide guztiak bilbotarrak dira, edo behintzat urian bizi dira, izan be, Rafael Mikoleta lehiaketearen bidez, Bilboko Udalak uriagaz lotu nahi ditu euskerea eta literaturea. Sariketearen izena Rafael Mikoleta 17. mendeko idazle eta gramatikalari bilbotarraren omenezkoa da. Bere idazkietan, antxinako Bilboko euskerea zelakoa zan ikusi leiteke.
Euskerazko ipuinen lehiaketa hau finkatuz joan da apurka-apurka, harrera hobea izanik urterik urte. Horratx, azken edizinoetan aurkeztutako lanen kopuruak: azken edizinoetan 968 ipuin aurkeztu dira. 1998an, ostera, 120 idazlan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!