Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatu eban atzo Eusko Jaurlaritzeak
2017-12-04 09:49 Euskerea berbagaiEkitaldian Euskaraldiaren garrantzia nabarmendu eben.
Gasteizko Europa Jauregian izan zan ekitaldia eta bertan, Euskal Herriko erakunde nagusietako ordezkariek eta euskalgintzako hainbat eragilek parte hartu eben. Danek berretsi eben euskerearen alde lan egitearen aldeko jarrerea. Badakigu globalizazino eta uniformizazino sasoi honeetan haizea ez dogula beti lagun izango eta olatu guztiak ez dirala alde etorriko. Horregaitik, traineru onenetan legez, alkarregaz egin beharko dogu arraun, adierazo eban Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Ekitaldian protagonismo nabarmena izan eban joan dan zemendiaren 23an aurkeztu zan Euskaraldia proiektuak. Honek euskaldunon aktibazinoa bilatuko dau euskerearen erabilerea bultzatzeko. Bingen Zupiria sailburuak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteagaz batera, ekimen honen garrantzia azaldu eban. Ia urtebete falta da proiektua hasteko eta denporea daukagu alkarregaz atontzeko. 2018ko zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egun izango doguz euskereari loturiko inertziak aldatzeko, euskerearen erabilereari astindu bat emoteko eta gure hizkuntzearen etorkizuna aldarrikatzeko. Helburu nagusietako bat erabileran horrenbeste eragiten daben hizkuntza ohiturak aldatzea izango da. Lortzen badogu, hamaika egun horreen ostean beste hainbat etorriko dira, azaldu eban Zupiriak.
Atzoko ekitaldian, proiektu honegaz loturiko hainbat bideo be proiektau zituen eta Euskaraldia berbea guztien ahotan egon zan. Gogoratu ebenez, ganera, euskerearen lurralde osoan garatuko da. Euskeraz berba egiten dan lurralde guztiotan hizkuntza politikea kudeatzeko ardurea dogun erakunde guztiak izango gara Euskaraldian. Atxikimendu horri esker euskerearen eremu zabalean gauzatu ahal izango da ekimena: Aturritik Ebroraino, azpimarratu eban Zupiriak. Euskereak Araban izan dauen bilakaerearen ganeko bideo bat be proiektau eben, eta Iker Galartza eta Aitziber Garmendia aktoreek giroa animau eben.
Lehendakariak, bestalde, euskereak izan dauen bilakaerea eta aurretik dituan erronkak jorratu zituan: Euskerearen ezagutzea biderkatzea lortu dogu erakundeen lanari esker, euskalgintzearen lanari esker eta, batez be, uritarren atxikimenduari esker. Horregaz batera, euskerearen ganeko jarrerea inoz baino positiboagoa da. Euskereak prestigioa irabazi dau, euskal gizartearen gehiengo handi eta zabal bat euskerearen etorkizuna bermatzearen alde dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!