Sarriegi, Mendiluze eta Agirre be, finalera
2017-12-04 08:40 BertsolaritzeaTxapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa jokatu zan zapatuan Iruñean.
Edurrari eta hotzari aurre eginaz, 2.600 entzule baino gehiago batu ziran Iruñeko Anaitasuna kiroldegian zapatuan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoan. Finalistak nortzuk izango diran erabagita geratu zan saio horretan. Honeek egongo dira BECeko oholtzan abenduaren 17an: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Unai Agirre eta 2013ko txapelduna, Amets Arzallus.
Maila onekoa izan zan Iruñeko saioa eta amaiera hunkigarria izan eban. Epaileen puntuazinoa entzun eta Unai Agirre finalean egongo zala jakin zanean, bertsolariak alkar besarkatzen hasi ziran, jentearen txalo artean. Lehenengo finala izango dau Agirrek, aurreko edizinoan gitxigatik kanpoan geratu eta gero, eta beraz, bera izan zan arratsaldeko protagonistea. Dana dala, saioa Aitor Sarriegik irabazi eban.
Lehenengo ariketetatik sendo ibili zan Sarriegi. Berak onartu eban une batzuetan bere burua ez ebala bete-betean sentidu baina, edozelan be, bizi kantau eban, bere ohiko estiloari eutsita. Hamarreko txikian Unai Agirregaz batera anorexiaren ganean botatako bertsoaldia izan zan saioko gogoangarrienetako bat. Bakarkakoan be arrastoa itxi eban Sarriegik. Epaileek 698,5 puntu emon eutsiezen.
Bigarren lekuan Aitor Mendiluzek amaitu eban. Lehenengo itzuli bikainari esker, finalerako txartela ia ziurra eukan eta, beharbada horregaitik, ez eban beste saio batzuetako ahalmena erakutsi. Halandabe, ederto ibili zan eta 696,5 puntu batu zituan. Puntutan Unai Agirregaz batera egindako ariketea, parapentean salto egin daben lagun biren ahotik, txalotuenetako bat izan zan, biek umore handiz heldu eutsielako gaiari.
Unai Agirre be ez zan aurreko biakandik urrun ibili. 696 puntu emon eutsiezen epaileek eta, ondorioz, finalerako azken lekua bete eban. Plazako estiloa txapelketara eroatea izan da hernaniarraren asmoetako bat, eta Iruñean kantaera horren alde egin eban. Oraingoan saria ekarri eutsan horrek eta lehenengoz kantauko dau BECen.
Laugarren lekuan Miren Amuriza geratu zan (652 puntu). Berriztarrak aukera ona eukan finalean sartzeko, baina ezin izan eban beste saio batzuetako neurria emon. Surretik odoletan hasi zan zortziko handikoaren ostean, horrek oholtzatik urtetera bultzatu eban behin baino gehiagotan, eta halako baldintzetan kanteteak ez eutsan, seguruenez, mesederik egin.
Alaia Martinek be ez eban arratsalderik biribilena euki Iruñean. Lehenengo finalaurrekoan jazo jakon legez, bere onena emon ezinda ibili zan, eta bosgarren lekuagaz konformau behar izan eban (649,5). Oihana Iguaran be (646) zapatukoa baino saio hobeak eginda dago, baina ale polit batzuk oparitu eutsazan Iruñeko publikoari.
Honenbestez, finala baino ez jako geratzen 2017ko Txapelketa Nagusiari. Barakaldoko BECen jokatuko da, abenduaren 17an, goiz eta arratsaldeko saioan. Sarrera guztiak agortuta dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!