Lutxo Egia: 'Sortzaile guzti-guztiei tratu personala emoten ahalegintzen gara'

Dabi Piedra 2017-12-04 08:06   Barriketan

Ahotseneko koordinatzailea.

Hamar urte bete ditu Ahotsenea sortzaileen guneak. Durangoko Azokearen barruan musikari eta idazleei ahotsa emoteko jaio zan proiektua eta, hamarkada bat beteta, erreferente bihurtu da artistentzat zein publikoarentzat. Abenduaren 6tik 10era bitartean, 132 aurkezpen hartuko ditu aurten Ahotseneak. Bertako koordinatzaile Lutxo Egiak egin deusku hamar urteon balantzea.

 

1.- Orain dala hamar urte aldaketa bete-betean egoan Durangoko Azokea. Horren ondorio izan zan Ahotsenea sortzea?

Ahotsenea sortu zanean, egia esan, ez genkian oso ondo Durangoko Azokea nondik nora ibiliko zan hurrengo urteetan. Gogoeta batetik abiatu ginan: Sortzaileek, hau da, idazleek eta musikariek, leku bat izan behar ebela, azokaz aparte. Azokan, sinatu eta diskoak saltzen zituen, baina urte osoan egindako lana erakusteko eta autortzeko gunea behar eben. Gogoeta horri buelta batzuk emon, eta formula egokia topau genduan, Ahotsenea. Musikariei euren lana kontzertu laburren bidez erakusteko aukerea emotea, eta idazleei barriketaldien bidez, horixe izan zan hasierako asmoa.


2.- Durangoko Azokea, berez, erakusleiho aparta da autoreentzat. Ze onura ekarten deutse Ahotsenean parte hartzeak?

Aukera hori emon behar genduala ikusi genduan. Sortzaile batzuei beste batzuei baino onura handiagoa ekarriko deutse seguruenez, baina kalterik inori ez deutso egiten. Guk ez dogu programetan, ez deutsagu inori deitzen parte hartu daian. Ahotsenera etortea librea da. Lehenengo aldiz lanen bat plazaratzen dabenen kasuan, igarri dogu Ahotsenean agertzeak mesede egiten deutsela, ikusgai bihurtzen ditualako. Kasu batzuetan eurek autortu deuskue Ahotsenean jo ahal izatea erabagigarria izan dala Azokan presentzia bat izateko, batez be autoprodukzinoen kasuan. Azokea hain da handia ze, produktu asko ia ikusezin bihurtzen dira, Ahotseneak ikusgaitasun handiagoa emoten deutse.


3.- Orain dala 10 urte, zelakoa izan zan Ahotsenea proiektu izatetik errealidade bihurtzeko prozesua?

Batzar batzuk egin genduzan, nik idazleen artekoak gogoratzen dodaz batez be. Han gogoeta batzuk egin ziran, orain dala 11-12 urte Azokea zelakoa zan ez jakun guztiz gustetan, edo, hori baino zehatzago, guk geure ahotsa izan ahal gendula. Ahotsenearen idea ekarri eta garatu eben, batez be, Gotzon Barandiaranek eta Edorta Jimenezek. Lehenengo urtea oso apala izan zan, aurkezpen batzuk antolatu eta manifestua be atera genduan. Gero, Ahotsenea finkatzen joan da, besteak beste, Gotzon Barandiaranek egindako lanari esker, lehenengo urteetan bera ibili zan dana aurrera ateratzen.


4.- Zuzeneko kontzertu laburrak, barriketaldiak... egun guztian ez da gelditzen Ahotsenea. Zergaitik aukeratu zenduen formula berezi hori?

Helburua ez da, jakina, jaialdi bat antolatzea, kontzertuakaz. Hemen urte natural bateko lana erakustea da asmoa, bakotxak bere erara lan hori aurkezteko plaza bat emotea. Sortzaile guztiak bardinak dira guretzat, danek daukiez baldintza bardinak, izena emoteko orduan, ordutegietan, baliabide teknikoetan... Ez dakit horrek ikusgarritasuna kentzen deutsan, baina hori da Ahotsenea, sortzaileek euren lana aurkezteko lekua, Durangoko Azokearen testuinguruan.


5.- Lehenengo Ahotsenea apala izan zala aitatu dozu, Azokearen gerizpean jaio zan. Gaur egun kontrakoa da? Hau da, Ahotsenea bera bihurtu da erreferente Durangoko Azokearen eskaintzearen barruan?

Bai, azken baten tamainu handia hartu dau. Jente gaztea kontzertuak entzuten etorten da, beharbada barriketaldietara ez da horrenbeste jente batzen, baina hori baino inportanteagoa da autoreei aukerea emotea. Guk badakigu Azokearen barruan zelako oihartzuna dauen Ahotseneak, baina badagoz beste eskaintza asko: Irudienea, Skenatokia... gu bat gehiago gara.


6.- Hamar urte pasauta, Ahotsenea proiektu heldua da?

Bai, eta hain zuzen be, aurten lehenengo aldiz egonkortu egin jaku. Ez da aldaketa nabarmenik egongo igaztik hona, ze aurreko urteetan aldaketa handiak egon dira: Handitu edo ia bikoxtu egin zan, lekuz be mobidu gara sarri... Guk ikusten dogu hor badagoala formula bat, topau deutsagula neurria eta hurrengo urteetan be pentsetan dot holan segiduko dauela. Aldaketatxuren bat bai, aurrikusi dogu, baina formuleari eutsita. Dana dala, kulturea bera aldatu egiten da eta egokitzen joan beharko gara.


7.- Musikearen mundua, eta liburugintzearena neurri baten, asko aldatu da hamar urteotan, konsumiduteko modu eta ohitura barriak agertu dira. Ahotseneak asmau dau sasoi barrien erritmoari eusten?

Nik uste dot Ahotseneak hasieratik jakin ebala egokitzen, kontuan izan behar da, sortu zanerako aldaketa asko egon zirala, batez be musikea plazaratu eta konsumiduteko moduetan. Gero eta internet gehiago, autoprodukzino gehiago... autoreek eurek beste leku bat eskatzen eben Azokan, hori izan zan Ahotsenea sortzeko arrazoietako bat. Harrezkero, teknologia barriek aurrerabide gehiago ekarri ditue eta uste dot hori ikusten jakin izan genduala bere momentuan. Gero, azken urteotan egonkorrago dago alor hau eta, beraz, guri ez deusku horrenbeste eragin. Ikusi beharko da hurrengo urteetan zer pasetan dan.


8.- Musikagileen emonaldiek emon deutsie, neurri handi baten, ospea Ahotseneari. Baina liburuak eta bestelako sorkuntzak aurkezteko gunea be badala ez da ahaztu behar.

Musikeak eta literatureak daukien tiradizo desbardinak ikusteko aukerea emoten dau Ahotseneak, bai. Publikoaren eta oihartzunaren aldetik. Kontzertuez gan, barriketaldiak be inportanteak dira, musikariek eurek be holan aurkezten dabe euren lana kasu batzuetan. Aurten 12 disko aurkeztuko doguz berbaldi edo antzekoetan, Joseba Tapia, Keu Agirretxea eta abar. Berbaldi musikatuak izaten dira batzuetan, edo performance modukoak. Liburuak aurkezteko bardin, errezitaldiak zein performanceak ohikoak dira, guk geuk irakurketa dramatizaduak sartzen doguz egun batzuetan egitarauan. Oso interesantea da hori, bisitariarentzat zein idazleentzat.


9.- Aurten 132 aurkezpen daukazuez programazinoan. Hori guztia antolatu eta modu egokian aurrera ateratzea lan handia da zuentzat?

Egia da lan handia dala, guk esaten dogu injinerutza txiki bat dala. Aspalditik oso sistematizauta daukagu dana, errazago antolatzeko. Barriketaldien gunea izaten da gorabeheratsuagoa, hor danetarikoak egoten diralako, bakotxak gauza bat eskatzen deutsu. Esaterako, aurten Iñaki Perurena etorriko da eta harria ekarriko dauela dino. Ba horrek esan nahi dau karga eta deskarga guztia antolatu beharko dogula, harria sartu Ahotsenearen gunean eta abar. Gu ahalegintzen gara parte-hartzaile guzti-guztiei tratu personala emoten, banakako hartu-emona sortzen dogu, jente asko egon arren. Uste dot artistek hori eskertu egiten dabela, modu orokorrean funtzionau beharrean banakako arretea emotea.


10.- Eguaztenean zabalduko dozue Ahotsenea. Zer moduz dator aurtengo edizinoa?

Gu geu, behinik behin, gogotsu gatoz, urtero legez. Hamargarren urteurrena ospatu barri gatoz, erakusketea antolatu dogu, herririk herri ibili gara eta Ahotsenean bertan be ospakizun txiki bat egingo dogu eguaztenean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu