Korrika sortu ebenak omendu ditue Bilbon

Bizkaie! 2017-12-01 13:38   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz bat, gorazarre egin deutse Udalak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak omendu ditu orain dala 37 urte Korrika sortu eben AEK-ko zortzi kideak, eta egurrezko lekuko bana emon deutse. Saria pertsonalizadua da eta Bilboko banderearen koloreakaz apainduta dago. Honeek izan dira omenduak: Bitor Allende, Alvaro Gurrea, Urtsa Errazti, Bittor Artola, Josepe Zuazo, Joseba Kanpo, Julen Kaltzada eta Enrique Ibabe. Azken laurak hilda dagozanez, hareen senideek jaso dabe lekuko berezia.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren helburua da euskaldunek egindako ahalegina eta lana kontuan hartzea, eskertzea eta hareen garrantzia azpimarratzea, eta euskaldun barriei laguntzinoa emoten eta animetan jarraitzea.

Horregaitik, Bilboko alkateak eskerrak emon deutsez Korrika sortzean parte hartu ebenei: Euskerea kalera ateratzeko ekimen horregaz, herri mobimendu bat sortu da hizkuntzearen ezagutzan eta erabileran inpliketako, eta euskerea bazter guztietara heltzea eta jentea euskeraz bizitzea lortu da, nabarmendu dau.

Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz bat eginez, ganera, lehenengo berbea beti euskeraz esateko eskatu deutse Aburtok bilbotarrei.

Urte honeetan, Korrikak garrantzi handia lortu dau Euskal Herri osoan. Lehen edizinoa 1980ean egin eben, Oñatitik Bilbora. Zazpi lurraldeetatik pasetan dan lasterketa honek euskerearen aldeko kontzientziazinoa bultzatzen dau. Urte bitik behin egiten da eta euskerearen aldeko ekintzarik jentetsuenetako bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu