Bizkaiko kobazuloen inguruko erakusketea ipini dabe Lekeition
2017-12-01 10:06 KultureaBesteak beste, Armintxe kobearen erreplika birtuala dago ikusgai.
Bizkaiko Foru Aldundiaren bultzadeagaz sortu dabe K.o. 2017. Paleolitikoa. Kobazulotik pixelera erakusketa ibiltaria. Lehenengo geldialdia Lekeition dauka, urtarrilaren 7ra arte. Ondoren, Karrantzan, Mañarian eta Galdamesen ikusi ahal izango da. Bilboko Rekalde aretoan egon zan erakusketearen moldaketea da hau, elementu barriak gehituta.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia buru dala zabaldu dabe erakusketea Lekeitioko Barandiaran aretoan. Bizkaiko kobazuloetan egindako lanak eta horreen emoitzak ikusgai jarri ditue eta teknologia barrien bidez, erakusketan esperimentau egiten da sormenagaz. Izan be, XXI. mendeko euskarriak erabilita, arte paleolitikoa oinarri tradizionaletan aurkezten diran sorkuntza barriagoakaz lotzen da, iraganetik gaur egunera egindako keinua balitz legez.
Bizkaiko hiru kobazuloren barrualdea modu birtualean ikusteko aukerea be emoten dau erakusketeak: Ventalaperra, Santimamiñe eta Armintxe dira, hirurak be balio handikoak Paleolitikoko artearen ikerketan. Armintxeko erreplika digitala da esanguratsuena, batetik, lehenengo aldiz ikusi leitekelako eta, bestetik, kobea Lekeition bertan dagoalako. 2016an topau eben eta orain dala 14.000 urte egindako marrazki ikusgarriak agertu ziran. Armintxe eta handik hur dagoan Atxurra ikertzen dabiz oraindino adituak. Beste hiru urterako lana daukiela uste dabe.
Arte paleolitikoaren eta garaikidearen arteko alkarrizketea Miquel Barceloren obra baten bidez gauzatzen da. Artista katalanaren Las calabazas koadroaren eta Armintxeko kobazuloan agertutako figuren arteko nahasketea egin dabe, bideo-sorkuntza berezi baten.
Foru Aldundiak, Bizkaiko ondare arkeologikoa iraunarazotearen alde dauen konpromisoaren barruan, lurraldeko Paleolitikoko labar-artedun bederatzi kobazulotako hiru dimensinotako digitalizazino-lanak egin ditu: Ventalaperra, Askondo, Lumentxa, Arenaza, Morgota, El Rincón, Atxurra, Santimamiñe eta Armintxe. Guztira, Bizkaian Paleolitiko garaiko arte-aztarnak dituen 14 kobazulo dagoz, baina Foru Aldundiak bederatzi horreetan zentrau dau ahalegina, konserbazino-egoerea aintzat hartuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!